Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakinarazi duenez, otsaila akaberan aurreko hilean baino bost langabe gutxiago zeuden Sakanan. Ibarrean lan bila 1.477 pertsona zeuden otsaila akaberan. Langabeziak gehiago jo ditu emakumeak, 785 daude lan bila (aurreko hilean baino 3 gehiago). 692 gizon langabe daude Sakanan (8 gutxiago). Sektoreei dagokienez, sakandarren lan eskaera gehienak zerbitzu arloan aritzeko dira, 715 (6 gutxiago). Industrian lan egiteko prest 560 sakandar daude (14 gutxiago). Eraikuntzan lan egiteko eskaera berdin mantendu da: 121. Abeltzaintzan aritzeko sakandarren 23 eskaera dituzte enplegu bulegoetan (1 gehiago). Azkenik, aurretik lanik egin ez duten sakandarren kopurua 58ra igo da (14 gehiago).Nafarroa Otsailean %1,07 igo da langabezia herrialdean. Bestela esanda, ilbeltzean baino 492 langabe gehiago zeuden otsaila akaberan. 43.770 langabe daude Nafarroan, haietatik 21.882 gizonak dira eta 21.614 emakumeak. Hilabete honetan azken urteetan izan den langabezia gorakada txikiena dela ohartarazi du Nafarroako Gobernuak. Horri eutsi dio, hain zuzen ere, Jose Maria Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak.