Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Afizionatuen mailako Espainiako Kopako bigarren lasterketa puntuagarria jokatu zen atzo Murtziako Alcantarillan, 21. Guerrita Trofeoa, hain zuzen. Rural Kutxako Igor Romero izan zen garailea, helmugarako 8 kilometroren faltan eraso gogorra jo eta gero. Berarekin ihesaldian zihoazen 8 kideek ezin izan zioten erasoari erantzun eta Romerok Rural Kutxako lehen garaipena lortu zuen. Talde sakandarra probako talde onena izan zen. Espainiako Kopako liderra Lizarteko Javier Iriarte da (86 puntu), eta Igor Romero laugarrena da (60 puntu). Kopako baliagarria den hirugarren lasterketa igandean jokatuko da, Asteasun, VII. Aiztondo klasikoa, hain zuzen. Asteasu eta Zizurkilen artean jokatuko da, eta Iriarte eta Romero dena ematera aterako dira. Aduna gainetik bost aldiz pasa beharko dira eta helmugarako 5 km-ren faltan Alkiza gainari egin beharko diote aurre. Horretaz gain, larunbatean Ereñon bilduko dira 19 eta 20 urteko afizionatuak, Lehendakari Txapelketarako baliagarria den VIII. Ereño Saria baitago jokoan. Bestalde, aipatzekoa da asteburuan hasi zela Euskal Herriko afizionatuen aurtengo denboraldia. Larunbatean II. Zumaiako Saria jokatu zen, eta Cespa-Euskadiko Unai Elorriaga gailendu zen, baina igandean bertan behera geratu zen Soraluzeko XIII. saria, haizetea zela eta.