Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Italiako Cesenaticon jokatutako goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketatik uzta ona ekarri du Sakana taldeak, bi txapelketan aritu baitira - emakumezkoen 540 kilokoan eta 500 kilokoan - eta bietan brontzezko domina lortu baitute. Mundialetara aurkeztu gabe ia hamarkada bat egon ondoren - 2000. urtean 480 kiloetan urrea lortu zuten eta 2001eko txapelketan ere aritu ziren - maila bikaina eman du Arbizuko kiroldegian entrenatzen den nesken taldeak. 540 kilokoaAurreko ostegunean 540 kiloko txapelketa jokatu zen. Zazpi talde lehiatu ziren: Txina-Taipei, Japonia, Suitza, Eskozia eta hiru talde euskaldun: Gasteizko Badaiotz, Lesakako Beti Gazte eta Sakana. Lehenik ligaxka jokatu zuten, eta lau taldek lortu zuten finalerdietara sailkatzea, aipatu hiru euskal taldeek eta Txina Taipei taldeak. Aipatzekoa da hasiera batean Japonia sailkatu zela finalerdietarako, baina parte hartzera ukatu ziren "urrea lortzeko aukera ez zutelako". Japonia ariko ez zenez, hasiera batean bosgarren sailkatu zen Sakana taldeak finalerdietan egoteko aukera izan zuen. Finalerdietan, Txina Taipeik Sakana menderatu zuen eta Badaiotzek Beti Gazte. Final handian Badaiotz eta Txina Taipei aritu ziren tiratzen, eta final ikusgarri baten ondoren txinatarrak gailendu ziren, gasteiztarren penarako. Eta hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehian Sakanak Beti Gazte hartu zuen menpean. Hortaz, Badaiotzek zilarra kolkoratu zuen eta Sakanak brontzea. 500 kilokoan berdinHurrengo egunean, ostiralean, 500 kiloko txapelketan lehiatu ziren emakumezkoak, eta bezperan 540 kilokoan gertatutako antzekoa errepikatu zen. Guztira bost talde aritu ziren lehian, Japoniako Osaka taldea ez baitzen aritu. Berotzen ari zirela ezinean zebiltzala ohartuta, ez aritzea erabaki zuten. Hortaz, aritu ziren bost taldeek - Txina-Taipei, Suitza, Badaiotze, Sakana eta Beti Gazte - elkarren artean ligaxka jokatu eta gero, Badaiotz, Txina-Taipei, Sakana eta Beti Gazte sailkatu ziren finalerdietarako. Finalerdietan Txina Taipeik Sakana mendean hartu zuen eta Badaiotzek Beti Gazte. Ondoren, final handia jokatu zuten Badaiotzek eta Txina Taipeik. Lehen tiraldian gasteiztarrak nagusitu ziren, 3 minutuko tiraldi gogorra jokatu eta gero. Bigarren tiraldia txinatarrak eraman zuten errazago, eta berdinketa hausteko tiraldian ere txinatarrak gailendu ziren; nabarmen gelditu zen talde indartsuena dela, eta domina kolkoratu zuen. Indartsu dabiltza txinatarrak, makina baten antzera. Hirugarren postua erabakitzeko lehian Sakanak Beti Gazte menpean hartu zuen, bi tiraldiak irabazita. Euskal taldeen maila oso ona dela argi geratu da Italian, bai emakumeen aldetik eta baita gizonezkoetan ere. Gizonezkoetan Abadiño A taldeak bi urre ekarri ditu Cesenaticotik eta Amaiurrek zilarrezko bat. Egindako lanarekin gusturaSakana sokatira taldeko kideak oso kontentu daude mundialetan egindako lanarekin. "Hasieran ez genekien zein talde ariko ginen eta zein maila izango zuten, eta ez genuen helburu konkreturik, lan ahalik eta onena egitea baino. Baina hirugarrenak izan gara aritutako bi txapelketetan eta oso kontentu gaude, egindako lanarekin gustura" zioen Nerea Lizarraga tiralariak Italiatik. Egindako bidaia asteazkenera arte luzatu egin zuten Sakana taldeko neska gehienek, Italia gehiago ezagutzeko, nahiz eta lan kontuengatik batzuk igandean bueltatu. Florentzia eta Toscana ezagutzea zuten buruan. Nerea harrituta zegoen txinatarren mailarekin. "Oso-oso onak dira. Oso gazteak, teknikoki oso onak eta prestatuak, oso disziplinatuak... harrituta geunden. Txinako neskak oso onak ziren, baina mutilak, aldiz, ez" gaineratu zuen Sakanako tiralariak. Oso gustura aritu zirela nabarmendu zuen eta antolakuntza ona zela, baina Cesenatico neguan ia hutsik zegoen udako destinoetako bat zela aipatu zuen, eta horregatik apenas zegoela girorik. Dena den, esperientziarekin kontentu daude Sakanako brontzezko neskak.