Gobernuak emandakoa ez du Josefina Arregi klinikaren etorkizuna bermatzen

Guaixe 2010eko martxoaren 3a

Nafarroako Gobernuak astelehenean egindako bilkuran erabaki zuen Altsasuko Josefina Arregi klinika kudeatzen duen fundazioari 2.221.765 euro ematea. Gobernuak erabakitakoaren arabera egonaldi laburreko ospitaleko zerbitzuaren hitzarmena 2013 urtera arte berrituko da. Aurreko kontzertuaren baldintza berdinetan, kontsumorako prezioen indizea igota. Arfe Felipe Lezea Fundazioaren kudeatzaile Jesus Torralbak azaldu digunez, "horrekin ez klinikaren egoerari ez zaio konponbiderik ematen. Arazoa gero eta handiagoa da". Torralbak ziurtatu digunez, "aurreko kontzertuaren baldintza ekonomikoak mantenduz, klinika ez da bideragarria". Gaineratu digunez, "horrela klinikak hartu ditzakeen dohaintzen menpe gelditzen da".  Egoeran aldaketarik ez badago "bideragarritasun plana edo asistentzia mailak suspenditu beharko dira".Horren aurretik, fundazioko kudeatzaileak Maria Kutz Osasun kontseilariarekin bildu eta haren asmoen berri jaso nahi du. Bitartean, kudeatzailea ere kexu azaldu da Nafarroako Gobernuak kontzertua berritzeko erabakia "aldebakarrekoa" izan delako. Babes zabalaSakanako udal guztiek eskatu diote Nafarroako Gobernuari Josefina Arregi klinikako egonaldi laburreko 21 oheak kontzertatu ditzala eta, haiekin batera, zentro psikogeriatrikoak eskaintzen dituen kanpo kontsultak eta eguneko zentroa ere. Eskaera bera egin zuten 800 pertsonek abenduaren 12an Altsasun egindako kontzentrazioan. KritikaOtsailaren 3an Nafarroako Parlamentuak Gobernuari klinikako 21 oheak kontzertatzeko eskatu zion. NaBaiko parlamentari Asun Fernandez Garaialde Lazkanok Osasun Batzordera Sakanako udalek onartutako mozioa eraman zuen, baina 21 oheak onartzeko eskaera besterik ez zuen aurrera egin. Orduko hartan parlamentari altsasuarrak adierazi zuenez "ez da nahi genuena, baina horrela 21 oheak kontzertatzea lortzen bada... Baina eguneko zentroa kontzertatzea eta kanpo kontsultak berriro zabaltzea lortu arte borrokan jarraituko dugu".Nafarroako Gobernuaren asteleheneko erabakiaren berri jakin eta gero, Fernandez Garaialde Lazkano oso kritiko azaldu da UPNrekin eta PSNrekin: "nahikoa da hipokresia. Kontzertua ez badute zabaldu behar, ausartak izan daitezela eta ezezko botoa eman diezaiotela mozioari". NaBaiko parlamentariak azaldu dutenez, "biak ere legegintzaldi guztia daramate gero betetzen ez dituzten osasun arloko mozioak onartzen". Fernandez Garaialde Lazkanok, bestalde, gogora ekarri zuen, Nafarroako aurrekontuetan klinikarendako diru gehiago sartzeko aukera izan zutela UPNk eta PSNk, "edo NaBaik eta IUN-NEBk aurkeztutako mozioak onartzeko. Baina gure mozioak onartzen ez dituztenez, jarduera horren kaltetuak klinika bera, sakandarrak eta nafarrak gara".  NaBaik eskatuta, heldu den asteartean Kutz kontseilariak Parlamentuko osasun batzordean klinikaren kontzertuari buruzko azalpenak eman beharko ditu. SozialistakMaria Chivite parlamentari sozialistak, bere aldetik, osasun kontseilariari zuzendutako premiazko galdera aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Heldu den osteguneko osoko bilkuran Kutzek erantzun beharko luke "osasun batzordean onartutakoa bete behar duen". Chivitek nabarmendu duenez, "Nafarroako Gobernuak Parlamentuan aho batez hartutako erabakia ez du bete". Eledun sozialistarendako ezinbestekoa da "Josefina Arregi klinikaren bideragarritasun ekonomikoko arazoak konpontzea, bere funtzionamendu normala bermatzeko".