Joxe Miel Bidadorrek utzi gaitu

Guaixe 2010eko martxoaren 3a

Euskara irakasle, idazle klasikoen ikerlari, historialari, dantzari nahiz dantza ikerlari gisa hamaika lan egindako da Joxemiel Bidador iruindarra. Oraindik ere lan asko egiteko adinarekin, 39 urterekin utzi gaitu. Asteartean hil zen garuneko isuriaren ondorioz. Ezustean harrapatu gaitu Bidadorren heriotzaren albisteak, eta samina zabaldu du Nafarroako eta Euskal Herriko euskalgintzan. Asteazken arratsaldean ehortzi zuten Baternaninen. Ostiralean, berriz, haren omenezko ekitaldia eginen da: Artikako kultur etxean, 19:0etan.Lanak"Joxe Miel bezalakorik ez zegoen iruñeko eta Nafarroako euskara biziaren eta idatziaren azken aztarnen bila aritzeko" diote idazlearen lagunek haren omenezko blogean. Horren lekuko da bere biografia: Joxe Miel Bidador Gonzalez Iruñean jaio zen, 1970ean. Euskal filologian lizentziatua, euskara irakasle izan zen zenbait herritan. Idazle eta ikerlari emankorra izan da: hainbat aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak: Euskera, Fontes Linguae Vasconum, Cuadernos de Etnologia de Navarra eta Revista Internacional de Estudios Vascosen, besteak beste.Euskal idazle klasikoen inguruan artikulu ugari idatzi zuen. Esaterako, gai hori landu zuen Euskaldunon Egunkarian (1995-2001) eta Diario de Noticiasen (1999-2002). Gehienetan, idazle ezezagunak zituen protagonista. Nafarroako euskal literatura jasotzen duten zenbait antologia prestatu ditu.Iruñeko Udalak idazle berriendako antolatutako literatura lehiaketan saritua izan da olerkian eta narrazio laburrean (1993, 1995, 1998 eta 2000). 2005ean Bilboko Udalak antolatutako Miguel Unamuno saiakera saria irabazi zuen. Bestalde, Euskalerria irratiak Larreko Saria eman zion 2007an. Sakanari ekarpenaSakanan ere aztarna utzi zuen ikerlari nekaezinak. Sakanako idazleen lanak bildu zituen. Bierrik elkarteak eta Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak 2000. urtean argitaratu zuen lan haietan lehena, Sakanako euskal idazleen antologia (I) izenarekin. Bertan, garai hartan bizirik zeuden Sakanako idazleei lanak jaso zituen Bidadorrek: Jesus Flores, Santiago Ezkerra eta Felipe Arañarenak. Bigarren liburu baterako materiala ere prest utzi zuen Bitoriano Huizi, Blas Alegria, Fernando Urkia eta Martin Jose Goldarazen idazle sakandarrei eskainia. Baliabide faltagatik, argitaratu gabe geratu zen liburua. www.blogari.net/joxemielBidadorren omenezko bloga sortu dute zenbait adiskidek. Letren bidez jaso genuen Bidadorren lana eta haien bidez agurtuko dira bere lagunak.