16 ikasle izango ditu Sakanako Aizkora Eskolak

Guaixe 2010eko martxoaren 3a

Martxoaren 3an hasi zen lanean Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak hainbat entitateren laguntzarekin - Nafarroako Kirol Institutua, Nafarroako Kutxa eta Nafarroako Herri Kirol Federazioa - antolatutako aurtengo Sakanako Aizkora Eskola. 16 pertsonek eman dute izena aizkora eskolan eta maiatzaren 29ra bitartean asteazkenero (19:30etik 20:30era) eta larunbatero (12:00etatik 13:00etara) aizkoran murgilduko dira, nazabaldarrek Etxarri Aranatzen duten bordan. Eskolaren helburua ondokoa da: aizkoran aritu eta ikasi nahi dutenek non aritu izatea, eta aizkoran ofizio handia duten irakasleekin ikastea. Horretarako primerako irakasleak izanen dituzte izena eman duten 16 pertsonek: Floren Nazabal txapeldun handia, Juan Mari Nazabal bere aita eta aizkolari izandakoa, eta Jose Ignazio Flores aizkolari arbizuarra. Erantzun bikainaSakanako Aizkora Eskola 2005. urtean antolatu zen lehenengoz, eta ordutik urtero gauzatu da. Balorazioa oso positiboa da, bai bertara ikastera jotzen duten etorkizuneko aizkolariena eta baita monitoreena. Izan ere, eskola sortu arte familian edo etxean aizkora girorik ez zuenak zaila zuen aizkorarekin hastea, besteak beste materiala -egurra eta beste- eta prestakuntza behar baitira. "16 pertsonek eman dute izena eta hori oso positiboa da, zenbaki oso polita baita. Gehienak sakandarrak dira, baina badago Arabako Lautadako bat eta Txantreako bat. Haurrak eta gazteak dira aizkoran murgiltzera animatu direnak" dio Mankomunitateko kirol teknikari Nerea Martinezek, eta urtetik urtera aizkora eskola sendotzen ari dela gaineratu du. Ea guztien artean etorkizuneko primerako aizkolariak ateratzen diren.