Josefina Arregi klinikaren aldeko sinadura bilketa

Guaixe 2010eko martxoaren 8a

"Gobernuak eskaini duenarekin "gaur egun Josefina Arregi klinikak ez du aurrera egiteko gaitasunik, ez da bideragarria. Zerbiztuak eta dotazioak jaistea besterik ezin da egin". Horregatik, Sakanako udalek eta Josefina Arregi klinikako langileek osasun zentroaren aldeko sinadurak biltzeari ekin diote. Udaletan sinadura emateko aukera izanen da. Horretaz gain, langileek batetik bestera mugituko dituzte sinadura paperak. Horrekin guztiarekin batera, "gaiaren garrantzia dela eta" herri guztietan sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dira igandean. Udalek eta klinikako langileek osatutako jarraipen batzordeak antolatu dute bilketa. Izan ere, batzuek eta besteek salatu dute Nafarroako Gobernuak eta Osasun Departamentuak "sakandarrei gezurra esan" dietela, "gutaz barre egin dute". Aurreko ostiralean egindako agerraldian nabarmendu zutenez "ez dute garrantzitsua den gai bat konpondu nahi". Haserre adierazpen horiek egin zituzten udal eta langileen ordezkariek Nafarroako Gobernuak Josefina Arregi klinikako 21 oheak ez dituela hitzartuko jakin eta gero. Aurreko astean aurreratu genuenez, Osasunbideak aurreko hitzarmenaren parekoa eskaini dio klinikari eta horrek ez du haren etorkizuna bermatzen. EskaerakSakanako udalek mozioa onartu zuten iaz klinikak eskaintzen dituen hiru zerbitzuak (egonaldi laburreko ospitalea, kanpo kontsultak eta eguneko zentroa) mantentzeko Osasunbideari hitzarmen duina eskatuz. Mozio bera Nafarroako Parlamentuko osasun batzordean aztertu zen. Han, talde guztiek, aho batez adostu zuten gobernuari eskatzea "ahalik eta epe laburrenean klinikako arazo ekonomikoak konpon ditzala, bideragarritasun ekonomikoa bermatzea funtzionamendu normala izan dezan. Horretarako egungo 21 oheak hitzartu eta Nafarroako Gobernuaren eta klinikaren artean adostutako bideragarritasun plana zehaztea. Planak ospitalearen bideragarritasuna, eta epe ertain eta luzera jarduera ziurtatu behar ditu". Otsailaren 3an hartu zen erabakia eta egun hartan bertan udal ordezkariek esan zutenez, "onartutako mozioak ez dio udalek egindako aldarrikapenei erantzuten, baina bai hobetzen duela egungo egoera". Eskatutakoa lortzeko "lanean" jarraituko zutela ziurtatu zuten orduan udalek. Gobernuaren erantzuna ikusita sinadura bilketari ekin diote udalek. GalderaAurreko ostiralean ziurtatu zutenez, gobernuaren aldetik "ez dago borondate politikorik". Gogora ekarri zuten aurrekontu tramitazioan aukera izan zutela UPN-CDN-PSNk zuzenketak egiteko edo NaBai eta NEB-IUNen zuzenketak onartzeko eta ez zutela egin. Bestalde, Kontu Ganberak San Juan de Dios ospitalearen 2008ko hitzarmena gogora ekarri zuten: "hitzarmenean aurreikusitako hasierako kreditua ez zen nahikoa 2008ko gastuei aurre egiteko eta aurrekontu aldaketa egin zen. Zergatik batzuei bai eta besteei ez?"Esanak: Eskualdean dugun osasun zerbitzu espezializatu bakarra da, eta gaixoen jarraipena eta arreta errazten du, baita inplikatutako profesionalen koordinazioa ere.Kalitateko osasun publikoaren aldeko apustua egiten dugu, eskualde geografikoaren araberako ezberdintasunik gabe, Nafarroako aurrekontu orokorren bidezko finantzazio egokiaren bidez. Osasunbideari eta Nafarroako Gobernuari irmoki exijitzen diogu arduratsua izan dadila eta Legebiltzarrak bozkatutakoarekin kontsekuentea izatea. Bertan beheraKanpo kontsulten zerbitzua abenduz geroztik bertan behera dago, finantzazio faltagatik. ManifestazioaMartxoaren 28rako, Altsasun klinikaren hitzarmen berriaren aldeko manifestazioa deitu dute.