Boomek sorpresa eman zuen Paris-Nizako erlojupekoan

Guaixe 2010eko martxoaren 8a

Atzo hasi zen Paris-Niza lasterketa famatua, Montfort-L´Amauryn jokatutako 8 kilometroko erlojupekoarekin. Rabobankeko Lars Boom holandarrak sorpresa eman zuen eta bera izan zen azkarrena (10:56), Jens Voigt, Levi Leipheimer eta Alberto Contadorren aurretik. Iaz debutatu zuen Boomek eta urte honetan gora egin du nabarmen. Euskalteleko Gorka Verdugo 69.a izan zen, 41 segundora, eta haren taldekide Egoi Martinez 154.a, 1:17ra. Gaur St Arnoult eta Contres arteko etapa laua jokatuko da, esprinterrendako aproposa. Murtziako Itzulia. Atzo Murtziako itzuliko laugarren etapa jokatu zen, erlojupekoa. Irabazlea Columbiako Frantisek Rabon izan zen (16:01:24). Rural Kutxa talde kontinentaleko Jose Herrada laugarrena izan zen, 2:15era. De La Partek bigarren garaipena eman dio Rural KutxariAfizionatuen mailako Rural Kutxak primeran hasi du denboraldia. Igandean Aiztondo Klasikoa jokatu zen, Espainiako Koparako baliagarria, eta talde sakandarreko Victor De la Parte gasteiztarra nagusitu zen Asteasuko helmugan (3:33:26), Azysako Eduardo Pradesi eta Valenciako Raul Alarconi 4 segundo eta 12 segundo atereaz. Rural Kutxa talde sakandarrak hasieratik kontrolatu zuen etapa. Aduna portua hirugarren aldiz pasa eta gero, De La Partek erasoa jo zuen eta 40 km egin zituen bakarrik. Aduna beste bitan eta Alkiza batean pasa zituen, eta nahiz eta atzean taldeak lanean hasi, bakarrik heldu zen helmugara, bere palmareserako garaipen garrantzitsua lortuz. Horrela, denboraldiko bigarren garaipena lortu du Rural Kutxak. Lizarteko Francisco Javier Iriarte 27.a izan zen eta Espainiako Kopako lidergoa galdu zuen. Lider berria Valenciako Raul Alarcon da, 118 punturekin, eta Iriarte hirugarrena da.