Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Espainiako Kross Txapelketak jokatu dira Coruñan, eta Nafarroako selekzioarekin aritu diren hiru sakandarrek lan ederra egin dute. 70 urtez gorako mailan Jose Maria Mercero unanuarrak (Beste Iruña) Espainiako Kross Txapelketa irabazi zuen, 6.000 metroko distantzian (28:56). 3.000 metrotan munduko txapelduna den Manuel Rosales bigarrenari 16 segundo atera zizkion. Helmugarako 200 metroren faltan erasoa jo zuen eta atzean geratu ziren Rosales eta Alonso, ezinean, eta Jose Mari bakarrik heldu zen helmugara. Hortaz, sasoi betean jarraitzen du 71 urteko unanuarrak. Kontentu zegoen Mercero, eta probako giro ederra eta zirkuituko egoera ona nabarmendu zituen. Merceroz gain, beste bi sakandar aritu ziren Nafarroa ordezkatzen. Maitane Txueka arbizuarra (Hiru-Herri) 123.a sailkatu zen maila absolutuan (8.000 metro), eta Israel Arbizu gazte etxarriarrak (Hiru-Herri) 93. postua lortu zuen junior mailan.