Hala jakinarazi zuen asteartean Nafarroako Parlamentuko osasun batzordean Maria Kutz Peironcely osasun kontseilariak. Kutzek gaineratu zuen beharrak ez direla aldatu eta beraz 21 oheetatik 11 kontzertatzen jarraitzen dela. Horrekin batera, osasun kontseilariak ziurtatu zuen, kontzertua apirilean sartuko dela indarrean, "horregatik du aurreko kontzertuak baino diru kopuru gutxiago [aurrekoa 2,6 milioi euro ziren, berria 2,2]". Osasun kontseilariak nabarmendu zuenez, kontzertuan agertzen diren hurrengo urteetako diru partidak "11 oheetarako estimazioak dira".Taldeen iritziakNaBaiko Asun Fernandez Garaialde Lazkano parlamentariak eskatutako agerraldian eman zituen azalpenak kontseilariak. Koalizioko parlamentariak esan zuen klinika kontzertua zabaldu gabe ez dela bideragarria eta etorkizuna kolokan duela. Kontzertua zabaltzea "borondate politikoko" gauza bat dela nabarmendu zuen Fernandez Garaialde Lazkanok. Eta kontseilariari galdetu zion legeak agindu bezala hitzarmena bukatzen denean hitzarmena berrikusi ote den benetako beharretara egokitzen den jakiteko. Jose Javier Monzonek (PSN) parlamentuan onartu zen mozioa betetzeko eskatu zion Kutzi, klinika "kalitatezko eta beharrezko baliabidea delako". Kontzertua zabaltzeko dirua ez dela aitzakia eta dirua lortzeko bideak badaudela nabarmendu zuen sozialistak. Ohe guztiak ez kontzertatzeko zein arrazoi dauden azaltzeko eskatu zuen Monzonek. Mozioan onartu bezala klinikaren bideragarritasun plana ere egiteko eskatu zuen. Eskaera horrekin bat egin zuen Jose Andres Burgete Torresek (CDN). Konbergenteak nabarmendu zuen Parlamentuan onartu zuen mozioak UPNren beraren babesa jaso zuela. Ezker Batuko Ana Figueras Castellanok adierazi duen "borondate politiko"kontua dela klinikarena konpontzea. Bideragarritasun plana eskatzearekin batera, zentroari "egonkortasuna" emanen dion hitzarmena eskatu zuen.