Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako zenbait toki entitatek, haien Euskara Zerbitzuen bidez, Etxepare literatur sariak antolatzen dituzte 2004tik. Antolatzaileen artean dago Sakanako Mankomunitatea. 2006tik lehiaketak haurrendako albumak saritzen ditu, euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzeko helburuarekin. Izan ere, argitaratzen diren gehienak itzulpenak dira. Iaz Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu zen. Horrela, lehiatu diren albumak bukatuta aurkeztu dituzte lehiakideek. 8 egitasmo aurkeztu dira azken edizioan. Dagoeneko epaimahaiak eman du haien inguruko ebazpena. Patxi Zubiziarreta eta Miren Agur Meabe idazleen eta Mikel Valverde eta Aitziber Alonso ilustratzaileen iritziz, Alex nire munstro-lagun on-ona albuma da onena. Amezketako Mikel (idazlea) eta Maite (ilustratzailea) Gurrutxaga Otamendi anai-arrebak dira haren egileak. Albumak neskato baten eta bere lagun ikusezinaren arteko harremanaren berri ematen du. Irudiei dagokionez, ausarta da. Epaimahaikideen iritziz, "xarma berezia lortzen du irudiaren eta idazkeraren arteko uztardura liluragarriarekin". Irabazleek 6.000 euroko saria jaso dute. Albuma Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta Faktoria K de libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz, 2010 urtean. Egitasmoak bi argitaletxeen eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen laguntza du. 2009ko edizioa erabakita, edizio berria iragarri dute Nafarroako toki entitateek, tartean, Sakanako Mankomunitateak. Interesatuek azaroaren 30era arteko epea dute albumak aurkezteko. 6.000 euroko saria eta albuma argitaratzea dute jokoan.www.etxeparesaria.comweb orrian daude Etxepare Sarien oinarriak.