Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan hasiko da GRAVN-El Corte Ingles pilota txapelketa, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako pilotariek jokatuko dutena. 300 pilotari ariko dira lehian 12 modalitateetan: ezker paretako 8 modalitate (paleta goma, paleta larrua, pala motza, eskuzkoa, zesta punta, pala, erremontea eta joko garbi), eta trinketeko 4 modalitate (eskuzkoa, paleta argentinarra, paleta larrua eta xarea). Eta txapelketa hiru mailatan jokatuko da: gazteak, 22 urtez azpikoak eta seniorrak. Hasieran ligaxka jokatuko dute talde guztiek guztien kontra, 5 jardunalditan. Sailkatzen diren lehenek finalerako txartela lortuko dute automatikoki, eta bigarren eta hirugarrenek kanporaketa finalerdiak jokatuko dituzte. Guztira 350 partida jokatuko dira. Denera 168 talde ariko dira, 101 ezker paretako frontoian eta 67 trinketean. Trinketeko finalak maiatzaren 2an jokatuko dira, Nafarroan, eta ezker paretako frontoikoak maiatzaren 9an, Araban. GRAVN afizionatuen mailako txapelketa nagusienetako bat da. Nafarroa da faborito nagusia, iaz trinketean eta ezker paretako frontoian nagusitu baitzen. Asteburuko lehen jardunaldian Bizkaia Arabaren kontra ariko da eta Gipuzkoa Errioxaren kontra. Nafarroak atsedena izango du.