Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maria Kutz Peironcely kontseilariak esan duenez, "une honetan ez dira Josefina Arregi zentroko 21 oheak kontzertatuko". Aurretik ere Sakanan ezagunak diren argudioak azaldu zituen: "Horiek dira behar genituen oheak eta horretarako aurrekontua genuen". Horretaz gain, esan zuen zentroa fundazio pribatu batena dela, "Bere kontseilua du eta kudeatzailea fundaziora, patronatura, zuzendu behar du eta han eskatu behar du behar duena". Kutzek azaldu zuenez, "egun hauetan komunikabideetan ikusi denez, gu ere departamentu bezala, kudeaketa zorrotza egiten ari gara. Guretako egiten duguna, besteek egitea eskatzen dugu, jakina". Eskaera, batetik eta bestetikOsasun kontseilaria asteazkenean Altsasun zela hainbatek Josefina Arregi zentroaren kontzertua gogorarazi zioten. Aurrenak klinikako langileak beraiek. Osasun etxearen atean kontzentrazioa egin zuten. Zabaldu zuten pankartan kontzertua zabaltzea eskatu zuten. Eskaera bera zuen gutuna eman zioten eskura. Barruan eskaera bera egin zioten hainbatek. Iñaki Migel Altsasuko behin-behineko alkateak gogora ekarri zion parlamentuan onartutako mozioa, 21 oheak kontzertatzea eskatzen zituena. Kontseilariak mozioa onartu zela esan zuen, "baina diru-sailik gabe". Aurrekontuei aurkeztutako bi emendakinak (NaBai eta NEB-IUN) ez zirela onartu ere gogorarazi zuen. Eta berriro errepikatu zuen: "beti kontzertatu ditugun 11 oheetarako diru-saila dugu". Aurrekontua ilbeltzean onartu zela gogora ekarri eta gero "dagoen ohe premia" hori zela azaldu zuen. Osasun kontseiluko buru Arturo Carreñok kontseilariari epe motz-ertainean kontzertua zabaltzeko esperantzarik izan daitekeen galdetu zuen. Aurrekontuan dagoen diru-saila aipatu zuen berriro Kutzek. Hala ere, aipatu zuen "etorkizunean beste aukera batzuk" egon daitezkeela. Altsasuko jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko buru Emilio Boulandierrek hainbat elkarteren izenean gutuna eman zion kontseilariari. 21 oheak kontzertatzeko eskatu dute jubilatu elkarteek. Boulandierrek berak kontseilariari esan zion parlamentuan babesa izanez gero aurrekontu moldaketak egin daitezkeela eta "dirua bilatu" daitekeela. Haren ustez "borondate politikoa falta da". Altsasuko Udalean UPNko zinegotzi den Antonia Romanek kontseilariari galdetu zion kontzertua epeka zabaltzea posible ote zen, " guztiak kolpean kontzertatu beharrean" Kutzen erantzuna aurreko guztiek entzun zuten bera izan zen: "Une honetan ez. Dagoen aurrekontua da hori da. Dagoenera moldatu beharko dute. Une onetan hau da dagoen aurrekontua".