Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen ostiralean ireki zituen ateak Artea Oinez´10 erakusketak. 2010eko Nafarroa Oinez festaren antolatzaile Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak prestatu du arte erakusketa. Euskal Herriko 82 artistak bat egin dute euskararen festarekin. Artisten eskuzabaltasunari esker, beste behin ere bat egin dute arteak eta euskarak. Egungo artearen erakusleiho paregabea da Artea Oinez erakusketa. Urtero-urtero lekua dute Sakanako artistek. Bertan izanen dira Jose Ramon Anda, Asuncion Goikoetxea, Mikel Okiñena, Dora Salazarren lanak. Hain zuzen, Atarrabiako ikastolak antolatu zuen lehen aldiz arte erakusketa 1991n eta, Mikel Okiñena ez beste sakandar guztiak han izan ziren. 20 urte beranduago bertan jarraitzen dute. Sakanako artisten ibilbide oparoaren adierazle da. Aurtengoan, Iruñeko Eskolako artistak nabarmendu nahi izan ditu Paz de Ziganda ikastolak: Pello Azketa, Luis Garrido, Xabier Morras, Pedro Oses, Joaquin Resano, Mariano Royo eta Pedro Salaberri. "Iruñeko Eskola sortu zen garai berean sortu ginen gu ere, 70eko hamarkadan. Geroztik, bion ibilbideak gurutzatu egin dira hainbatetan" azaldu zuen ikastetxeko zuzendariak. Margolan, eskultura, argazki, serigrafia eta inpresio digitalek osatzen dute erakusketa. Apirilaren 15era arte ikusgai daude, Iruñeko Rodezno Kondearen aretoan.