Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bertsolaritzaren pizkundea bizi dugu azken aldian Sakanan. Herri batean eta bestean bertso saio eta afari andana antolatu dira. Bestalde, Sakanako bertsolariak fin ibili dira Nafarroako Txapelketan. Urte askoren ondoren, sakandar bat izanen dugu finalean, Eneko Lazkoz. Indarraldi horri eutsi nahi badiogu beharrezkoa da bertsolaritzaren hazia Sakanako gaztetxoen artean ereitea. Helburu horrekin antolatu ditu Bertsozale Elkarteak bertso-udalekuak. Bost aukera eskaini dituzte 9 eta 18 urte arteko gazteendako. TxandakBi aukera dituzte 9-11 urtekoek: Orio eta Zuhatzaren artean aukeratu dezakete. Horietan lehenengoa uztailaren 12tik 18ra da eta bigarrena irailaren 1etik 4ra. 12-14 urtekoek ere aukera bikoitza dute, Bidarrai eta Muxikako Gorozika auzoaren artean hautatu dezakete. Uztailaren 5etik 11ra izanen da lehena eta uztailaren 25etik 31ra bigarrena. 15-18 urtekoek Sakanan izanen dute udalekua, Irañetan, uztailaren 19tik 25era. Matrikula 85 eta 155 euroren artean dago.Dibertitu eta ikasiRafting, mendi irteerak, ur kirolak eta beste zenbait jarduera jostagarri izanen dituzte gazteek. Gainera, bertsolari ezagunak ezagutu eta bertsotan janzteko aukera izanen dute. Hori ziurtatzen dute haur edo begirale gisa bertatik pasa diren zenbait bertsolarik, Julio Sotok, Oihane Pereak, Maddalen Arzallusek eta Andoni Egañak esaterako. "Bertan erabaki nuen bertsolari izaten saiatu nahi nuela" dio egun Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazteko faboritoetako bat den Julio Sotok. Izen-emateaBi eratan egin daiteke matrikula, www.bertsozale.com web orrian edo 943 69 41 29 telefonoan. Maiatzaren 5ean amaitzen da epea. Txandak osatu ahala beteko dira, zozketarik gabe.