Haize Berriak Banda egun bat operan

Guaixe 2010eko martxoaren 18a

Carmen operara hurbilduko gaitu Sakanako bandakMusika klasikoa elitista dela uste dute batzuek. Bestelakoa aldarrikatzen du Sakanako Haize Berriak bandak. Horregatik, musika hau herritarrengana gerturatzeko ahalegin betean murgildu da azken aldian. Helburu horrekin antolatu zuen udazkenean Konziertazoa kontzertua, Fernando Argentarekin batera. Arrakasta itzela lortu zuen. Orain, Carmen, egun bat operan kontzertua dakar. Ruben Velasco aurkezlearen laguntzarekin, XIX. mendeko opera ezagunenetakoaren sekretuak zabalduko dituzte. Familiarteko kontzertua izanen da, umoretsua eta hezitzailea. Kontzertu didaktikoaHaize Berriak bandak George Bizeten Suite Carmen obra eskainiko du. Carmen operaren bertsio instrumentala da eta frantziar konpositoreak berak egin zuen operaren zatirik ezagunenekin. Haize Berriak bandak iaz jo zuen obra lehen aldiz, Emakumeen Eguneko kontzertuan. Aurten, ikuspegi berria eman dio kontzertuari: kontzertu hezitzailea eskainiko dute. Horregatik, leku berezia izanen du Ruben Velascok. Iruñeko musikaria Pamplonesa bandako kontzertu pedagogikoen arduraduna da. Ildo horretatik, umorez beteriko ipuin hezitzailea landu du. Haren bidez, George Bizeten Carmen operaren sekretu guztiak erakutsiko ditu. Aurkezleak publikoaren eta musikarien arteko zubi lana eginen du. Entzutera doazen sentsazioak transmititzen saiatuko da eta ikusleak parte hartzera gonbidatuko ditu.Helburu argia du kontzertuak, musikaren elementuez gozatzen ikastea: armonia, erritmoa, instrumentuak, trama, ahotsa eta elkarrizketak. Eta guztia umore handiarekin eta sorpresa bereziekin. Xede horrekin igoko dira bihar Iortia kultur guneko oholtza gainera Haize Berriak bandako 45 musikariak, Luis Orduñaren zuzendaritzapean. "Kontzertu atsegina eta dibertigarria izanen da" ziurtatu digu bandako zuzendari Luis Orduñak, "Fernando Argentak aurkeztutako Konziertazoa gustatu zitzaienek ezin dute galdu" gaineratu du.Carmen operaXIX. mendeko opera ezagunenetarikoa da George Bizeten Carmen. Frantziar konpositoreak 1875ean egin zuen eta urte berean mustu zen, Parisen, arrakasta handirik gabe. Gerora, ordea, Frantziako opera ezagunenetakoena eta interpretatuena bilakatu da. XIX. mendeko Sevillan girotuta dago. Carmen ijitoa, Don Jose militarra eta Toreroaren arteko amodio eta jeloskortasun istorio korapilatsua kontatzen du. "Kuriosoa da: giroa erabat espainiarra da, baina protagonistak nafarrak dira eta musika erabat frantziarra" dio Luis Orduñak. Bizeten musika espresiboa, dotorea eta kolorista da. Bereziki zaintzen du orkestra, melodia ikasterrazekin. Nork ez ditu ezagutzen operaren preludioa, habanera edo toreroaren lema?Jose, LizarragabengoakoaCarmen operako protagonistetako bat da. Carmen ijitoaz maitemindutako militarra da. Prosper Mériméeren nobelan oinarrituta dago Carmen opera. Andaluziak liluratuta zuen frantziarra eta han kokatu zuen bere nobela. Baina, kuriosoki, protagonista nagusietako bat nafarra da. Horrelako bitxikerien berri emanen dute kontzertu hezitzailean.