Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako ezker abertzaleko hautetsiek agerraldia egin dute Hauteskunde Legearen 182.2 artikuluaren aplikazioaz aritzeko. Ezker abertzaleko hautetsiek gogora ekarri dute hauteskunde zerrendetan ez zeuden bi pertsona Olatzagutiako zinegotzi direla gaur egun. NaBaikoak biak ere. Zerrendako gainontzeko kideek kargua hartzeari uko egin zioten aurretik. Ezker abertzaleak adierazi du artikulu horren aplikazioaren alde dagoela, "bai Olaztiko udalean bai Euskal Herri guztiko udaletan ere". Ezker abertzaleko kideek adierazi dute, "zoritxarrez, NaBairen jokabidea Sakanako beste herri batzuetan ez da hori izan". Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordiko udaletan formula hori ez dela aplikatu eta ezker abertzaleko 11 hautetsik ez dutela kargua hartzerik izan gogora ekarri dute. Horregatik ezker abertzaleak NaBairi leporatu dio "borondaterik ez izatea Alderdien Legea eta estatuak bulkatzen duen apartheid politikoa indargabetzeko". Ezker abertzaleak NaBairi Alderdien Legearen "kontrako jarrera demagogikoa izatea" leporatu dio. Horrekin batera, koalizioari eskatu dio "Estatuaren estrategia antidemokratikoak babesten dituzten jokamoldeak alde batera uzteko".