FyTren ekintzak pairatutakoek "benetako justizia" eskatu dute

Guaixe 2010eko martxoaren 16a

Falange y Tradición (FyT) taldearen ekintzak pairatu dituzten hainbat pertsonek prentsaurrekoa eman zuten astelehenean. Haien artean Fran Balda zinegotzi arbizuarra zegoen. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, FyT "Euskal Herriaren aurkako Estatuaren estrategia errepresiboaren parte da". Haien ustez "adierazgarria" da "Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen alde aritzeagatik estatuaren errepresioaren begi-puntuan gauden berak, FyTren begi-puntuan ere" egotea. Salatu zutenez, FyT taldeak "inpunitatez" ari dira eta "egindakoa merke edo dohainik aterako zaie". Kritiko azaldu ziren kasu batzuek Auzitegi Nazionalean berehala bukatzen dutelako eta talde horren kasuan ez duelako "terrorismo zantzurik ikusten". Epaitegi "berezia" dela frogatuko luke horrek agerraldian izan zirenendako. Prentsaurrekoan izan zirenek salatu zutenez "espainiar justiziak bi neurgailu ditu legea aplikatzerakoan". Bata, "gogorra, beren demokrazia faltsuaren etsaiei aplikatzen zaiena". Bestea, "biguna, Espainiaren batasuna bermatzeko edozer gauza egiteko prest daudenei aplikatzen zaiena". Prentsa agerraldian "benetako justizia" aldarrikatu zuten, "Euskal Herri osoari dagokion benetako justizia". Eskaera hori erabakitzeko eskubidearekin lotu zuten.