Jubilatuek osasun area bakoitzean geriatra bat egotea eskatu dute

Guaixe 2010eko martxoaren 17a

Nafarroako ipar-mendebaldeko jubilatuen elkarteek mozio bat aurkeztuko dute udaletan. Eskaera zehatza da: Nafarroako osasun area bakoitzean geriatrian espezializatutako mediku kontsulta sortzea. Horrekin batera, jubilatuek eskatu dute, mediku horien plazak betetzea eta espezialista bakoitzak eskualdeko oinarrizko osasun zentroetan kontsultak pasatzea. 2007an Osasunbideari jubilatu elkarteek eskatu zioten eskualdeko oinarrizko osasun zentroetan geriatria plaza bana egoteko. Maria Kutz kontseilariak orduan erantzun zuen geriatria ospitaleko zerbitzua zela. Nafarroako ipar-mendebaldeko jubilatuen elkarteak, ordea, ez daude erantzun horrekin ados, "gauzak aldatu direlako eta adituak esaten ari dira espezialitate hori prebentzioko medikuntza gisa ezarri behar dela, ospitaleko zerbitzura itxaron gabe". Jubilatuek nabarmendu dutenez, gaur egun populazioaren %20k 60 urte baino gehiago ditu. Eta etorkizunean, 2040-50ean %35 izan daitekeela jakinarazi dute. TxapelketakBigarren urtez jarraian Nafarroako ipar-mendebaldeko jubilatuen elkarteek mahai jokoen txapelketa antolatu dute. Apirilaren 6an abiatuko dira briska (16 bikote), partxis (8), tute (8) eta mus (24) txapelketak. Parte-hartzaileak hiru multzotan neurtuko dira. Ultzama aldekoan ariko dira Irurtzungoak. Arakil multzoan, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu eta Bakaikuko jokalariak neurtuko dira. Azkenik, Burunda multzoan Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiako jokalariak ariko dira. Hainbat herritan jokatuko dira partidak. Finalak Apirilaren 19an, 17:00etan, Altsasuko jubilatu elkartean.