Agerraldi jendetsua egin zuten astelehenean Iruñeko Baluarten Nafarroako euskalgintzako hainbat kidek. Aldarrikapen argia zabaldu zuten: "bigarren mailako herritarrak izan nahi ez dugulako, euskarak eta euskaldunok Nafarroan arnasa behar dugulako, eta gizalegezkoa delako, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea". Horrekin batera, maiatzaren 15ean Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu zuten. Kontseiluko bazkideek egin dute deialdia. Azken finean, "Nafarroan, euskaraz bizi nahi duenak, izan dezala horretarako aukera" besterik ez zuten. Herrialdean gaur egun hiztun asko badaude herritarren ahaleginei esker izan dela nabarmendu zuten larunbateko agerraldian. Aldi berean, ulertezintzat jo zuten Nafarroako Gobernua nola ari den euskaldunon kontra, "modu bereziki bortitzean ari da azkenaldian". Nabarmendu zuten euskara ahal duten une eta gune guztietan itotzeko ahalegin guztiak egiten ari dela gobernua. Nafarroan euskaraz bizitzea ezinezkoa dela nabarmendu eta gero, euskaldunak bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituztela ziurtatu zuten. Ziurtatu zuten nafar gizartearen gehiengo zabalak ez duela nahi ez hizkuntza bazterketarik, ez halako erasorik Nafarroan. Bere herritarren kontra ari den gobernu bat baino gauza tristeagorik ez dagoela ziurtatu zuten. EskaerakEuskaltzale nafarrek euskararen normalizaziora eramanen gaituzten baldintza berriak lortzeko, nafar jendartearen babesa eta laguntza eskatu zuten. Eta gehitu zuten beste egoera batera eramanen gaituzten oinarriak jartzeko gutariko bakoitzak, gizarte eragileok eta norbanakook zeregin zehatzak ditugula. Indarrak batu eta aurrera egiteko deia zabaldu zuten Baluartetik Nafarroara. Horregatik ideologia guztietako nafarrei manifestaziora joateko deia egin zieten. Guztien artean gauzak beste modu batera egin daitezkeela aldarrikatu nahi baitute. AtxikimenduakDagoeneko ehun eragilek baino gehiagok eman dute izena. Horien artean daude Topagunea, Nafarroako Ikastolen Federazioa, AEK, EMUN, EHE, Aizpea euskara taldea, Kima euskara taldea, Castillo Suarez (Arakilgo euskara teknikaria) eta Bierrik Fundazioa. Erakunde horiek eta beste batzuk ordezkatuz asteleheneko argazkian hainbat sakandar izan ziren.