Industrialdea uda akaberan eraikitzen hasiko da

Guaixe 2010eko martxoaren 23a

Jose Maria Roig Aldasoro kontseilariak zehaztu zuenez, "uda bukaera edo udazken hasieran hasiko dira lanak. Beti ere, berritasunik ez badago". Hala jakinarazi zuen aurreko ostegunean kontseilariak Nafarroako Parlamentuko Berrikuntza eta Enpresa Batzordean. Kontseilariak jakinarazi zuenez, aurtengo lehen sei hilabetekoan bukatuko dira hirigintza eta desjabetze espedienteak. Gobernuko arduradunak berak aitortu zuen "poligonoaren tramitazioan erlaxazioa" egon dela. Roig-ek gaineratu zuen "legegintzaldi hasieratik lehentasunezko gaia" zuela. Industrialdearen garapenaren "atzerapena" bi arrazoirengatik izan zela esan zuen Roig-ek: "parlamentuan ordezkatuta ez dagoen talde baten oposizio basatia. Eta Arartekoan aurkeztutako sinadurak". Gogoratu zuen Mankomunitatea eta Urdiaingo Udala (lurren %70 udalerrian dago) kontra egon zirela. Kontseilariak jakinarazi duenez, lanak Urdiaingo aldetik hasiko lirateke. Parlamentuko agerraldian jakinarazi zuen Altsasuko zatian, arkeologia aztarnak zeudela. Parlamentuan azalpenak eman ondoren, Altsasuko Udalarekin bilduko dela jakinarazi zuen Roig kontseilariak.IritziakJose Angel Agirrebengoak (NaBai) salatu zuen gobernuari zazpi urte kostatu zaiola udalez gaindiko plan sektoriala garatzea. Agirrebengoak nabarmendu zuen azken urteetan Nafarroan garatu den industrialdeetatik %2 besterik ez dela iritsi Sakanara. Eta Altsasuko Udalak urteetan industriarako lurra eskatu zuela gogora ekarri zuen. UPNko bozeramaileak esan zuen industriarako lur falta ez dela "soilik gobernuaren errua. Udalek ere badute zer esana". Antzeko argudioa eman zuen Caro sozialistak. Nabarmendu zuen ez dela berdin "industrialdea izatea eta industrialdean enpresak izatea". Arlo horretan gobernuari mugitzen hasteko eskatu zion. Industrialdearen "garapenak arduradun asko" dituela gaineratu zuen. CDNko Burguetek nabarmendu zuen udalez gaindiko planak "udalekin elkarlanean garatu badaitezke hobe dela, baina gobernuak bakarrik ere aurrera egin dezakeela". PlanazAurreko osteguneko kontseilariaren agerraldia Agirrebengoak eskatu zuen. Sakanako ekonomia suspertzeko eta langabeziaren kontra borrokatzeko plan berezi bat egiteko eskatu zion Parlamentuak Nafarroako Gobernuari azaroan. Plana zertan den jakin nahi zuen NaBaiko parlamentariak. Roig kontseilariak azaldu zuen eskualde jakinetarako plan bereiziak egitearen kontra zegoela. Nafarroa guztirako politika berdina egitearen alde agertu zen. Horrekin batera, kontseilariak Altsasuko Udalaren kontra jo zuen "tokiko industrialdea egiteko diru-laguntzarik ez eskatzeagatik, tokiko garapen agentea izateko laguntza ez eskatzeagatik, ezta langabetuak kontratatzeko ere". Altsasun lantegi-eskolarik edo enplegu tailerrik ez zela egin nabarmentzearekin batera, kontseilariak nabarmendu zuen, lan ekimenetarako Altsasuko aurtengo aurrekontuan ez dagoela diru-sailik. NaBai, CDN eta NEB-IUN eskualdekako planen alde agertu ziren. Errorendako (NEB-IUN) kontseilariak Parlamentuari ziria sartu dio: "azaroko mozioan UPNk aurkeztutako mozio emendakina onartu zen eta sei hilabetetan plan bat egitea eskatzen zion gobernuari. Lau hilabete eta gehiago pasa ondoren plana ez duela eginen esatera etorri da kontseilaria".