Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gamesako langileek atzo eta gaur greba egunak dituzte. Haien protesta Sakana guztian barna Iruñera eraman nahi dute. Horretarako erromesaldia hasi dute, patroiari eskatzeko enplegu erregulazio espedientea (EEE) erretiratzeko edo, behintzat, Altsasun negoziatzeko.Atzokoan Gamesako langileek Altsasu eta Irurtzun arteko bidea egin zuten. Lakuntzan une batez Industrial Barranquesako langileekin bat egin zuten. Elkarri elkartasuna adierazi eta gero, langileek Uharte Arakilen bazkaldu zuten, lehen etapako helmugara, Irurtzunera, iritsi aurretik. Irurtzunen lo egin eta gero, gaur 10:00etan Gamesako langileek Sarriguren arteko ibilbide eginen dute. 18 km ibili ondoren, 13:30ean Berriozarren bazkaltzera geldituko dira eta etapa (5 km gehiago) Gamesak Sarrigurenen duen egoitzan bukatuko da, 18:00etan. Han kanpaldia eginen dute. Azkenik, bihar 16:00etan Sarrigurendik Iruñera joanen dira eta bat eginen dute sindikatuek (ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, EHNE eta HIRU) lan merkatuen erreformen kontra eta eredu berri baten alde deitu duten manifestazioarekin. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Gaztelu plazatik.