Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande arratsaldean adin, herri eta pentsaera ezberdinetako pertsonek manifestazio jendetsua egin zuten Altsasun. Josefina Arregi zentroaren etorkizunaz kezkatuta, guztiek ere Nafarroako Gobernuari klinikarekin duen kontzertua zabaltzeko eskatu zuten. Langileek eta udalek egindako deialdiak erantzun zabala izan zuen, ibarrean dagoen kezkaren adierazle. Jakina denez, Nafarroako Gobernuak zentroaren 21 oheetatik 11 besterik ez ditu hitzartu. Horiek omen dira beharrezkoak direnak. Igandean langileen ordezkari Rakel Ausinek nabarmendu zuen Nafarroak 21 oheak hitzartzea behar duela, benetako beharrak ohe kopuru hori gutxienez eskatzen duelako. Ausinek azaldu zuenez, hitzartutako 11 oheak %100ean beteta daude eta itxaron zerrenda dago. "Bidegabea da perfil kliniko bera duten pertsonek bere egonaldia ordaindu behar izatea". Aldi berean, zentroak Sakanari eta Nafarroari kalitatezko zerbitzua eskaintzen diola nabarmendu zuen Ausinek. Bere etorkizuna bermatzeko hitzarmena zabaltzea eskatu zuen. "Garaia da egindako lanaren aitortza egiteko, zentroa errespetatzeko". Ematen den asistentzia-kalitatea mantendu eta hobetzeko baliabideak eskatu zituen. MozioaEskaera bera egin zuten udal ordezkariek. Haien izenean Iñaki Miguel Altsasuko behin-behineko alkateak hitz egin zuen eta gogora ekarri zuen Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak otsailaren hiruan onartutakoa. Bilkura hartan alderdi guztiek, aho batez, "ahalik eta epe laburrenean Josefina Arregi zentro psikogeriatrikoaren arazo ekonomikoak konpon ditzan" eskatu zion, "bideragarritasun ekonomikoa bermatzea funtzionamendu normala izan dezan". Horrekin batera, aldeek zentroaren bideragarritasun plana zehaztea eskatu zion Parlamentuko batzordeak Nafarroako Gobernuari. 8.000 Herri guztietako sinadurak bildu gabe, langileek jakinarazi dute dagoeneko 8.000 sinadura bildu direla. Guztiak ere Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dira.