AUTOKARABANA

Guaixe 2010eko apirilaren 1a

Autokarabana Fermin Etxegoien idazle oñatiarraren lehendabiziko eleberria dugu hauxe, desberdina eta indartsua.Protagonista euskal kooperatiba batean lan egiten duen berrogei urteko publizista da: alaba bat duen gizon dibortziatua eta erlazio berri batean murgildurik bizi dena. Horrek guztiak nahiko lan emango dio egunerokoan ez baita beharko lukeen bezain aita ona eta amodio berria ere korapilotsu bihurtuko baita eta, gainera, lantegian ere arazoak sortuko direlako.Pisu handiegi batean, interneta eta pornografia lagun bakartzat, bizi den antiheroi  kritikoa eta zirikatzailea dugu, ordea:  denetarako (euskara barne) behar diren plan estrategikoak: "euskaraz bizitzearen aldeko maskara"; adiskidetasuna; "narru polar" janzkera: "iraultza zein tradizioa ordezka ditzaketen ditxosozko narru polar zatartxo horiek"; tabako legea; aparkalekuak lepo lantegiko autobusa hutsik doan bitartean: "aparkaleku propioa derrigor behar dugulako etxe propioa izan aurretik ere"; herria-hiria; ikastetxe publikoak eta itaunduak... ironiaz eta ikuspegi pertsonalez kontatuko digu sinesgarritasun handiz. Gaur egungo kontuak irakurlearen hausnarketarako.Honen guztiaren aurrean autokarabana izango da askatasunaren irudia, bidaiaren plazera, bizitzaren mugikortasuna.Kapitulurik gabeko kontakizun honetan denborazko erreferentziek markatuko dituzte atalak "lekak hiper-egosiak " elementua askotan agertuko delarik.Erraz irakurtzen den nobela da, trabarik gabea: esaldi motzak, paragrafo laburrak, gidoirik gabeko elkarrizketak ... Estilo arina eta librea, batere konplexurik gabekoa erabiltzen dituen egitura, hiztegi eta hitz jokoetan.Izaskun Etxeberria Zufiaurre