Fedrigo frantziarrarendako Criteriuma

Guaixe 2010eko martxoaren 29a

Korsikako Porto Vecchion jokatu da Nazioarteko Criteriuma. Larunbatean mendiko etapa jokatu zen, igande goizean 75 km-ko etapa - Downing (Sky) nagusitu zen esprintean - eta igande arratsaldean erlojupekoa. Erlojupekoan David Millar izan zen garailea, Contadorri segundo bat atereaz. Alberto Contador (Astana) eta Lance Armstrong (Radioshack) txirrindularien arteko lehia gogorra espero zen, baina azkenean Pierrick Fédrigo (Bouygues) frantziarrarendako izan da Criteriuma (7:11:59). Samuel Sanchez (Euskaltel) laugarrena izan zen, 19 segundora, Contador 15.a, 1:08ra eta Armstrong 47.a, 5:05era. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez etxarriarra 31.a sailkatu zen, 2:44ra, eta Jorge Azanza altsasuarra 67.a, 11:34ra. Joaquim Rodriguezek irabazi du VoltaAtzo despeditu zen Kataluniako Volta, EsportParc eta Kataluniako Zirkuituaren arteko etaparekin. Bukaerako esprintean Juan jose Haedo nagusitu zen (Saxo Bank). Sailkapen orokorra kontuan hartuta, ez da sorpresarik izan eta Joaquim Rodriguez nagusitu zen jaioterrian (25:16:03), Xabier Tondori (Ceveló) 10 segundo atera eta gero. Caisseko Imanol Erbiti 119.a izan zen, 49:03ra. Rural Kutxa talde kontinentaleko Herrada hirugarrena Normandiako TourreanRural Kutxa talde kontinentalak ongi hasi du denboraldia, eta atzo despeditu zen Normandiako Tourrean talde sakandarreko Jose Herrada podiumera igo zen, Tourrean hirugarrena izan baitzen. Afizionatuak. Cabedo nagusi Balentziaga memorialeanEibarren jokatutako 39. Balentziaga memoriala, Espainiako Koparako baliagarria, emozioz betetakoa izan zen. Lehen mailako Ixua portuak txirrindulari onenen aukeraketa egin zuen baina ez zen beste edizioetan bezain erabakigarria izan. Hamabi txirrindulari geratu ziren buruan, eta Castelloneko 20 urteko Victor Cabedo (Segusos Bilbao) izan zen txirrindulari azkarrena, San Migel jaisterakoan erasoa jo baitzuen, bete-betean asmatuz, eta nahiz eta bere jarraitzaileak ia gainean izan, berak jaso zituen besoak Eibarreko helmugan. Rural Kutxako Igor Romero zazpigarrena izan zen. Bestalde, 23 urtez azpiko afizionatuak Laukizeko lasterketan aritu ziren. Aurreko astean Lizarrako Cirilo Unzarren memoriala irabazi zuen Valladolideko Fernando Grijalba (Naturgas) nagusitu zen esprintean erabaki zen etapan. Gazteak. Igor Jauregi Altsasuko lasterketan garaileSociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 52. Trofeo de Ramos sarian Ordiziako Rural Kutxako Igor Jauregik erakustaldia eman zuen eta ordiziarra bakar-bakarrik iritsi zen helmugara, gazte mailako 79 km-ko proba irabaziz. 14 segundo atera zizkion Ijalba taldeko Alain Santamariari. Probako talde onena Ordiziako Rural Kutxa izan zen, eta mendiko txapelketa Bi-Luxeko Eduardo Ardaizek irabazi zuen. Lehen herritarraren saria Burunda-Rural Kutxako Mikel Vazquez izan zen.