Haur Kantari Jaialdiaren agurra

Guaixe 2010eko martxoaren 29a

Maldan gora hasi zen 2010eko Haur Kantari Jaialdia. Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe geratu ondoren, jaialdia antolatzeko arazoak izan ditu Nafarroako Kantuzale Elkarteak. Baina, zailtasunak zailtasun, jaialdia bertan behera geratu beharrean, inoiz baino indartsuago etorri da 25. Haur Kantari Jaialdia. Nafarroa iparraldetik hegoaldera, 6 eta 16 urte arteko 637 haurrek parte hartu dute jaialdian, inoiz baino gehiagok. Horien artean zeuden Lakuntzatik eta Altsasutik joandako sakandarrak.Haur Kantari Jaialdiaren hiru saioetan nabarmendu diren talde, bikote eta bakarlariak arduratu ziren jaialdia agurtzen. Larunbatean agurtu zuten jaialdia Iruñeko Gaiarre Antzokian. Bertan izan ziren, besteak beste, Altsasuko Zelandi ikastetxeko Lagun Onak eta Lehoi erregea taldea eta Jaione eta Aintzane Diaz bikotea eta Lakuntzako San Saastin musika eskolako Suhar taldea. Kolorez beteriko ikuskizuna eskaini zuten haur eta gazteek. Denetariko kantuak entzuteko aukera izan zen: abesti tradizionalak, modernitatez jantzitako kantu herrikoiak, atzerriko iturrietatik edan ondoren sortutako lanak eta abar. Urtetik urtera gora egiten du haurren mailak. Ez dira alferrik pasa jaialdiaren 25 urteak eta, asteburuan ikusitakoagatik, etorkizun oparoa du jaialdiak.