Etxean jokatzeko unea

Guaixe 2010eko martxoaren 31

Txirrindulari profesionalak euskal errepideetan ikusteko aukera izango dugu hurrengo egunotan. Larunbatean, apirilaren 3an, XII. Migel Indurain Sari Nagusia jokatuko da Lizarran, 12:00etatik aurrera. 179,30 km-ko proba ikusgarria da, Puyko ermitako aldapa gogorrean despedituko dena, eta besteak beste Caisseko Valverde, Ag2rko Efimkin eta Kataluniako Volta irabazi berri duen Katushako Joaquim Rodriguez ariko dira. Igor Anton izanen da Euskalteleko liderra eta Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarren lana bera laguntzea izanen da. Ag2r-ko Jose Luis Arrieta uhartearra ere aritzekoa da, soleoko lesiotik osatu eta gero. Lizarragako proban Rural Kutxa talde kontinentala lehiatuko da eta baita Orbea taldea ere. Talde horrekin lehiatuko da Xabier Zabalo olaztiarra.  Euskal Herriko itzuliaApirilaren 5etik 10era bitartean Euskal Herriko Itzuliaren txanda izango da. Jokoan dauden 5 etapetan mendia, etapa lauak eta erlojupekoa ez dira faltako. Ohikoa denez, izar handiak ariko dira: Valverde (Caisse), Samuel Sanchez (Euskaltel), Pereiro (Astana), Freire (Rabobank), Joaquim Rodriguez (Katusha), Cunego (Lampre), Andy, Frank Schleck eta Jens Voigt (Saxo Bank), Wiggins (Sky), Andreas Klöden (RadioShack), Efimkin (Ag2r) eta beste. Hiru sakandar ariko da euren talde buruak laguntzen: Egoi Martinez eta Gorka Verdugo Euskaltelen eta Jose Luis Arrieta Ag2r-n. Apirilaren 11n Zornotzan jokatuko den 171,6 km-ko 56. Udaberriko Sari Nagusiarekin Euskal Herriko bere egonaldia despedituko dute txirrindulari profesionalek. Aurreko bi probetan aritu diren txirrindulari asko lehiatuko da bertan, eta Schleck anaiak izango dira izar nagusienak. Bestalde, aipatzekoa da Caisseko Hiriberriko Imanol Erbiti igandean abiatuko den Flandeseko Tourrean ariko dela. Afizionatuen egutegiaTxirrindulari afizionatuen egutegia arakatuz, apirilaren 3an, larunbatean, 6. Felix Iglesias Memoriala jokatuko da Logroñon, Euskaldun txapelketarako baliagarria. Igandean, apirilaren 4an, 10:30ean, 97 km dituen 19 eta 20 urteko txirrindulariak Amorebietako XLIX. Udaberri Sarian lehiatuko dira, Lehendakari txapelketarako baliagarria dena. Hurrengo asteburuan, apirilaren 10ean, larunbatarekin, Euskaldun txapelketarako baliagarria den 69. Circuito de Pascuas lasterketa jokatuko da Azkoienen, 15:00etan. 123 km proba izanen da. Eta bukatzeko, apirilaren 11n, igandearekin, LXXXIII. Loinaz proba famatuan bilduko dira afizionatuak. Portuz betetako 152 km-ko lasterketa goizeko 9:15ean abiatuko da. Juniorrek apirilaren 10ean, larunbatean, 82 km-ko lasterketa dute Oteizan, 16:30ean, eta kadeteak apirilaren 11n, igandean ariko dira Tafallan, goizeko 11:00etatik aurrera, 43 km-ko proban. Master mailakoak apirilaren 11n ariko dira Corellan.