LABek enplegu suntsiketa gelditzeko deia egin du

Guaixe 2010eko martxoaren 31

LAB sindikatuko hainbat ordezkarik prentsaurrekoa eman zuen asteartean. Aste Santutik bueltan deitu duten manifestazio bat aurkeztearekin batera, Sakanako etorkizuna zehazteko urratsak eskatu zituzten. LABetik eskatu zen siglak eta alderdikeriak albo batera utzita garaia dela guztion parte hartzearekin etorkizuna modu integral, orekatu eta eskualdeko ikuspegi batetik eraikitzeko.LABeko kideek itxitako enpresen, langabezia eta enplegu erregulazio espedienteen hainbat datu eman zituzten. Horien bidez ondorioztatu zuten Sakanan krisiak "gogor" jo duela eta hartu diren neurri guztiekin "langileen bizkarraren gain jarri nahi dituztela krisiaren ondorio guztiak". Sindikatu abertzaletik nabarmendu zuten krisiak agerian jarri dituela "gure eskualdeak arrastaka zekartzan arazoak". LABen iritziz hazkunde garaietan enpresek "ez dute aberastasuna banatu eta ez dute inbertitu". GobernuaNafarroako Gobernuak Sakanarekin duen utzikeria Sodenaren bitartez Sunsundeguin egindako eskusartzearekin zuritu izana salatu zuen LABek. Horrek langileendako baldintzak okertzea ekarri duela salatu zuen. LABek Nafarroako Gobernuari Sakanan "euren eredu sozioekonomikoa inposatzea" leporatu zion. Gobernuaren alternatiba Urdiain-Altsasu industrialdea izatea kritikatu zuen LABek. "Makro-poligonoak desorekak handituko ditu gurean, eskualdeko garapena fokalizatuz". Sakanan industria-lurra badagoela azaldu zuen LABek. Egitasmo horretarako dirua dauden lanpostuak defendatzera bideratzeko eskatu zuen sindikatuak.