Martxoak 45 langabetu gutxiago utzi ditu

Guaixe 2010eko apirilaren 12a

Martxoak otsailak baino 45 langabe gutxiago utzi ditu Sakanan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakinarazi duenez. Bigarren hilabetez jarraian egin du behera langabeziak. Martxo akaberan lan bila zebiltzan sakandarrak 1.432 ziren. Altsasuko enplegu bulegoan langabeen zerrenda 32 pertsonatan murriztu da. Iruñera jo behar duten arakildarrena 13tan. Langabeziak, hala ere, emakumeak gehiago jo ditu. 770 emakume daude lan bila (aurreko hilean baino 15 gutxiago). Gizon langabeak, berriz, 662 dira (30 gutxiago).Sektoreei dagokienez, sakandarren lan eskaera gehienak zerbitzu arloan aritzeko dira: 696 (19 gutxiago). Industrian lan egiteko sakandarren 522 lan eskaera daude (38 gutxiago). Eraikuntzan lan egiteko prest dauden sakandarren kopurua bere horretan mantendu zen martxoan ere: 121. Lehen sektorean aritzeko 24 sakandarren eskaerak daude enplegu bulegoetan (1 gehiago). Azkenik, aurretik lanik egin ez duten eta lan egin nahiko luketen sakandarrak 69 dira (11 gehiago). NafarroaMartxoan otsailean baino 17 langabe gutxiago zeuden Nafarroan, guztira: 43.753. Imelda Loreak, Nafarroako Gobernuko Laneko zuzendari nagusiak, era positiboan baloratu du martxoan lan merkatuak izandako eboluzioa eta "gutxienekotzat" hartu du langabeziaren jaitsiera. "Garrantzitsuena da martxoak igoerak izan direneko bost hilabeteko epearekin apurtu izana, eta gertaera hori hurrengo hilabeteetan egonkortu egin beharko da jaitsiera esanguratsuak lortuko baditugu", gehitu duenez.