Jorge Azanzak Amorebietako Klasikoko mendiko sailkapena irabazi zuen atzo

Guaixe 2010eko apirilaren 12a

Euskal Herriko itzuliko etapa bat irabazi eta gero, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Euskalteleko Samuel Sanchezek atzo Amorebietan, bertako Udaberriko Klasikoa irabazi eta gero (4:04:19). Euskaltelendako egun handia izan zen, bigarren postuan sartu baitzen haren taldekide Igor Anton, 5 segundora, Sanchezen atzetik zetorren seikotearen artean esprintean gailenduz, Euskalteleko Egoi Martinez tartean. Etxarriarra bederatzigarrena izan zen, denbora berean. Bestalde, Orbean dabilen Xabier Zabalo olaztiarra 57.a izan zen, 2:18ra, eta Euskalteleko Jorge Azanza altsasuarra 84.a, 4:50era. Azanza ez zen esku hutsik itzuli, Amorebietako Klasikoko mendiko sailkapena irabazi baitzuen. Talde onena talde laranja izan zen. Ildo honetan, aipatu beharra dago larunbatean despeditutako Euskal Herriko Itzulia RadioShackeko 38 urteko Chris Horner beteranoak irabazi zuela (23:27:30), larunbateko etapako kronoan sorpresa eman, irabazi, eta erlojupekoan faboritoa zen Alejandro Valverderi 8 segundo atera eta gero. Sailkapen orokorrean estatubatuarrak 7 segundo atera zizkion Alejandro Valverderi eta 58 segundo Euskalteleko Beñat Intxaustiri. Euskalteleko Egoi Martinez 44.a sailkatu zen, 20:33ra, eta Ag2r-ko Jose Luis Arrieta 107.a, 57:40ra. Egoi Martinez hirugarrena izan zen tartekako helmugako sailkapenean.