Erdoziaren aukera Lekunberrin

Guaixe 2010eko apirilaren 12a

Egur Sport enpresak antolatuta, abian da Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa. Maila nagusian 68 aizkolari ariko dira lehian, eta promesen kategorian 10 aizkolari. Txapelketa Aste Santuan abiatu zen eta dagoeneko lau kanporaketa jokatu dira. Kanporaketa bakoitzean 9 aizkolari lehiatzen dira, eta 45 ontzako enbor bat zeinek azkarrago moztu izango da egin beharreko lana. Horretarako aizkolariak hiru multzotan banatzen dituzte, eta multzo bakoitzeko lehen bi onenek egiten dute aurrera. Sei hauek atzera ere lehiatu egiten dira, bi multzotan banatuta eta lan bera eginez, eta multzo bakoitzeko onena eta bigarren geratzen direnen artean onena sailkatzen dira aurrera egiteko. Hiru hauek elkarren aurka neurtu ostean - atzera ere 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu - , lehen biek lortuko dute hurrengo faserako sailkatzea, eta hirugarren geratzen dena, berriz, ordezko gisa geratuko da, hurrengo kanporaketan norbaitek huts egiten badu haren ordez aritzeko. Orain artekoaBada, lehen kanporaketako lehen ekinaldian, Arabako Baranbion, Irazabalek eta Goizeder Beltza etxarriarrak lortu zuten hurrengo faserako kanporatzea, eta Aritz Goñi etxarriarra bidean geratu zen. Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarra hirugarrena sailkatu zen, erretserbarako geratuz. Eta erretserba hori aprobetxatzeko aukera izan zuen, igandean Dorraon jokatutako laugarren jardunaldiko lehen ekinaldian Iban Resano dorrobarra ordezkatu baitzuen. Ondokoak aritu ziren Dorraon: Ugaitz Mugertza, Julen Kañamares, Eraso, Etxeberria, Manuel Kañamares, Dorronsoro, Erdozia, Beltza eta Iban Resanoren tokia bete zuen Iñaki Vazquez "Sakana". Hasieran 9 aizkolariak hiru multzotan banatuta aritu ziren. Mugerza, Etxeberria eta Erdozia izan ziren euren multzoetako lehenak, eta J. Kañamares, M. Kañamares eta Beltza bigarren onenak. Hurrengo fasean seiak bi multzotan banatuta aritu ziren 45 ontzakoa zeinek azkarren moztu, eta Etxeberriak, Erdoziak eta Mugerzak lortu zuten aurrera egitea. Hirurak hiruren kontra aritu ziren, eta guztien artean onena Etxeberria izan zen eta bigarrena Juanjo Erdozia etxarriarra. Biek lortu zuten igandean Lekunberrin jokatuko den bosgarren kanporaketarako plaza, eta Mugerza erretserban geratu da. Igandean LekunberrinIgandean, apirilaren 18an, Lekunberriko pilotalekuak hartuko du Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako bosgarren kanporaketa, eguerdiko 12:15ean. Ekitaldian omenaldia eginen zaio aizkora utzi duen Jose Juan Barberena beterano handiari, eta ETB 1ek eskainiko du emanaldia. 9 aizkolari ariko dira lanean: Zegaman sailkatu ziren Ruben Saralegi eta Jose Ugarteburu, Dorraon sailkatu ziren Felix Etxeberria eta Juanjo Erdozia, Zumaian sailkatu ziren Arkaitz Olano eta Aritz Irazabal eta txapelketara gehitu diren Aitor Senosiain, Antonio Senosiain eta Xabier Mindegia. Orain arteko lana egin beharko dute: 45 ontzako enbor bat zeinek azkarrago moztu. Bestalde, Barberenaren agurra dela eta torneo berezia antolatu da. Hiru bikotek seina enbor moztu beharko dituzte txanda librean. Hiru bikoak: Floren Nazabal-Jon Rekondo, Donato Larretxea-Xabier Orbegozo eta Angel Arrospside-Jose Mari Olasagasti. Horretaz gain aizkolari gaztetxoak eta harrijasotzaileak ariko dira.