Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako CCOO sindikatuko zuzendaritza asteazkenean sindikatuko Euskadiko idazkari nagusi Unai Sordorekin bildu zen Altsasun. Bileraren ondoren, Jose Maria Molinerok (Nafarroako idazkaria), Ramon Gorrizek (ekintza sindikaleko idazkari konfederala), Unai Sordok eta Maite Baleztenak (Sakanako ordezkariak) prentsaurrekoa eman zuten. Ibarrak bizi duen egoera izan zen gai nagusietako bat. Sakanak bizi duen egoera larriari aurre egiteko, "Nafarroako Gobernuak eskualdean ekonomia eta enplegua pizteko premiazko neurriak martxan" jarri behar ditu esan zuen Molinerok. Horrekin batera, enpresei zuzendu zitzaien eta "ardura gehiago" exijitu zien. Molinerok enpresei ere eskatu zien "hainbat urtetan izandako mozkinak gizarteari itzultzeko, etorkizuneko konpromiso, inbertsio eta egitasmo" gisa. Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak Sakanako gehiengo sindikalari gonbite egin zion: "frontekeria sindikala eta aurkakotasun sindikala" baztertzeko, "langileen artean banaketa sortzen duelako eta enpresen aurrean ahultzen gaituelako". Gero eta sakandar gehiago CCOOko kide egiten ari dela nabarmendu zuen, eta sindikatuaren eskualdeko azpiegitura indartuko dutela azpimarratu zuen, "ibarreko langileen beharrei erantzun hobea emateko". Datuak"Azaroan hemen egon ginen, Toxorekin batera egoera aztertzen eta datuek egoera okerrera egin duela erakusten dute". Molinerok nabarmendu zuen, Sakanan langabezia tasa (%26,5 iaz) Nafarroakoaren bikoitza (%14) dela, eta enplegu erregulazio espediente gehien dituen eskualdeetako bat dela ere nabarmendu zuen. Langabeen ezaugarriei dagokienez, Molinerok azaldu zuen hamarretik hiru 45 urtetik gorakoa dela. Haiek lan merkatuan sartzeko neurriak eskatu zituen. Horretaz gain, emakume langabetuen kopurua handiagoa dela (%53) nabarmendu zuen, "Nafarroan parekatuago dago". Nafarroako CCOOko idazkari nagusiaren iritziz Sakanako langabeziaren daturik kezkagarriena da %40 industria arloari dagokiola, Nafarroan %20 denean. EstatuaRamon Gorrizek, ekintza sindikaleko idazkari konfederalak, Espainiako Gobernuak proposatu duen lan merkatuaren erreformaren aurka azaldu zen. "Anbiguoa eta zehaztasun gutxikoa da". Gorrizek gaineratu zuen gobernuaren proposamena ez dela egokia, "lan baldintzen prekarizazioa dakarrelako".