Batasuneko hiru kiderendako 10 eta 8 urte arteko zigorrak eskatu ditu fiskaltzak

Guaixe 2010eko apirilaren 12a

Batasunaren aurkako 35/02 auzian auzipetuta dauden 40 pertsonendako 12 eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Ministerio Fiskalaren iritziz auzipetuek "ETAk diseinatutako proiektua babesteko zenbait ekintza antolatzea ahalbidetu zuten". Auzipetuen artean hiru sakandar daude. Fiskaltzak hamar urteko espetxe zigorra eskatu du Juan Kruz Aldasororendako erakunde terroristako kide izatea egotzita. Fiskaltzak, bestalde, zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du Joseba Garmendiarendako eta Jaione Intxaurragarendako, erakunde terroristako kolaboratzaile izatea egotzita. BideaDuela hamar urte abiatu zuen auzia Baltasar Garzon epaileak, Batasunaren arlo ekonomikoa ikertzeko argudioarekin. 2002ko apirilean hasi ziren atxiloketak. Horrekin batera, Batasunaren 20tik gora egoitza itxi zituzten eta 75 herriko tabernari bahimendua ezarri zieten. Hilabete batzuk geroago Batasunaren jarduera eten zuen Garzonek.  2008an despeditu zuen instrukzioa eta auzitegiko salaren esku dago sumarioa, epaiketarako bidean. Zigor eskaerak jasotzen diren testuan, fiskaltzak bat egin du instrukzio epailearen arrazonamenduekin. Batasuna, HB eta EH bezala, ETAren tresna dela argudiatu du. Fiskaltzaren arabera, Batasunak finantzatuko luke ETA, besteak beste, herriko tabernen bidez.