Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakana hautetsi independentistek "partzuergoaren sorkuntzaren beharra" azpimarratu dute berriro. Horrekin batera, Sakanako gainontzeko eragileei eskaera egin diete: "modu honetan edo bestetan, Sakanan lan eta bizitzeko eskubidea bermatuko duen tresna martxan jartzea". Hautetsi independentisten iritziz ibarrak bizi duen egoera "oso larria" da: "lanpostuen eta industria ehunaren suntsipenari, Nafarrroako Gobernuak eskualdearekiko erakusten ari den utzikeria edo zigorra gehitu behar zaio". Horri aurre eginen liokeen "tresna propio eta indartsuaz hornitzea" nahitaezkotzat jo du ezker abertzaleak. Partzuergoak bere baitan instituzioak, gizarte eragileak, eragile ekonomikoak eta abar batzen dituela nabarmendu dute ere, "Sakanako eraikuntzan eta garapenean eztabaidarako, proposamenetarako eta konpromisoetarako erakundea". Partzuergoa izanez gero "ikuskari pasiboak izan baino eragile aktiboak" ginatekeela diote hautetsi independentistek. Independentistek gogora ekarri dute aurreko legegintzaldian Partzuergoaren gaiari berriro heldu ziotela. Legegintzaldi honetan NaBaik prozesuarekin ez jarraitzea erabaki zutela gogora ekarri dute hautetsi independentistek. Hiru urte "galdu ez bagenitu eskualdeari bereziki bortizki eragiten ari dion krisiaren testuinguruan tresna indartsu bat izango genuke eskuetan". Hautetsi independentistek argitu dutenez, oraingoa kexurako sasoia izan beharrean "lanean jartzeko garaia da eta egoerari buelta emateko garaia".