Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilaren 6an Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko kideak Josefina Arregi zentro psikogeriatrikoan bisitan izan ziren, NaBaik hala eskatuta. Parlamentariak klinika eta bere funtzionamendua bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten. Horretaz gain, bere etorkizuna bermatzeko Parlamentuko batzordean onartutako mozioa betetzearen alde agertu ziren talde gehienak. Arfe-Lezea Fundazioko gerenteak, Jesus Torralba Zelaiak, parlamentariei eskatu zien guztien artean Nafarroako Gobernuari presioa egitea aipatu mozioan jasotzen dena bete dadin. Torralbak azaldu digunez bisita garrantzitsua izan da. "Asko kostatu zaigu egiten dugun jarduera osasun arlokoa dela ezagutaraztea. Gurea gaixo akutuen epe motzerako ospitale unitatea da". MozioaJakina denez, otsailean Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean aho bate onartu zen Josefina Arregiko zentroko 21 oheak kontzertatzeko eskaera. Horrekin batera, zentroaren eta Osasunbidearen artean klinikaren etorkizuna bermatzeko bideragarritasun plan bat egitea ere jaso zen hitzarmenean. Sakanako udalen iritziz parlamentuan onartutako mozioa motza izan arren lehen urrats bat izan zen. Izan ere, ibarreko udalek 21 oheak kontzertatzearekin batera, klinikak eskaintzen duen eguneko zentroa eta kanpo kontsulten zerbitzuak ere bermatzea eskatu dute. Osasun kontseilari Maria Kutzek zegoen hitzarmena berritu besterik ez du egin. Osteguneko osoko bilkuran kontseilariak parlamentuan onartutako mozioa beteko ote duen azaldu beharko du, hala galdetu baitio PSNk.