Hiru sakandar gaur abiatuko den Gaztela Leongo Biran

Guaixe 2010eko apirilaren 14a

Gaur hasi eta igandean despedituko da Gaztela Leongo Bira. Alberto Contador (Astana) da proba irabazteko hautagai nagusiena, eta bere etsairik gogorrenak Alejandro Valverde (Caisse d´Epargne) eta Denis Menchov (Rabobank) izanen dira. Hiru sakandarrek hartuko dute parte: Jorge Azanza altsasuarrak eta Pablo Urtasun urdiaindarrak Euskaltel taldearekin, eta Xabier Zabalo olaztiarrak Orbearekin. Horretaz gain Rural Kutxa talde kontinentala ariko da Gaztela Leonen, Jose Herrada eta Aketza Peña buru direla. Talde laranjak podiumean egotea nahi du eta horretarako talde sendoa prestatu du, Igor Anton buru dela. Ihesaldietan egotea eta helmugan ongi kokatuta eta aurrean egotea dira beste helburuak. Azanzak eta Urtasunek asmo horiekin egingo dute lan. Denetatik izango da Gaztela Leongo Biran. Lehendabiziko bi etapak lasaiak izango dira, esprinterrendako propioak. Ostiralean mendiak izango du protagonismoa, etapa nagusian. Leonen hasita, Fondebadon gaina (lehen maila) eta Onamio gaina (hirugarren maila) pasa beharko dituzte txirrindulariek, eta etapa lehen mailako Morredero gainan despedituko da (175 km). Larunbatean 15,1 km-ko erlojupekoa jokatuko da Ponferradan, eta igandean Samosen hasi eta Santiagoko Konpostelan despedituko da itzulia (171,6 km), Donejakue bidea omentzeko. Gaur lehen etapa jokatuko da, Beloradotik Burgosera, 157,7 kilometrokoa. 2. mailako Alto de Predaja gaina pasako dute etapa erdian. Esprinterrendako propio den etapa horietakoa da, baina haizearekin kontua izan beharko da, mozketak eragin baititzake.Imanol Erbitik Paris-Camembert proba despeditu zuenAlergia arazoekin dabil Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia (Caisse d´Epargne) eta ez da bere benetako maila ematen ari jokoan dauden klasikoetan, baina atzo Paris-Camembert klasikoa bukatzea lortu zuen. Sébastien Minard (Cofidis) izan zen garailea, eta Erbiti 42.a izan zen, ia 10 minutuetara.