Urtasun, Azanza, Zabalo eta Martinez prakak bete lan

Guaixe 2010eko apirilaren 16a

Lanpetuta ibiliko dira gure txirrindulariak. Pablo Urtasun (Euskaltel), Jorge Azanza (Euskaltel) eta Xabier Zabalo (Orbea) asteazkenean hasi eta igandean despedituko den Gaztela Leongo itzulian dabiltza lanean. Contador, Valverde eta Menchov dira proba irabazteko hautagai nagusiak, baina Euskaltelek podiumean egon nahi du Igor Anton talde buruarekin. Gaur izango da mendiz jositako etapa nagusia, bihar 15 km-ko erlojupekoa eta igandean Konpostelan despedituko den etapa, esprinterrendako propioa. Atzoko emaitzen faltan, asteazkenean Urtasun hirugarrena izan zen Bosek (Cervelo) esprintean irabazitako proban, Azanza 49.a eta Zabalo 83.a. Iparraldeko klasikoen bidea hartuko du Egoi Martinezek (Euskaltel). Igandean Amstel Gold Race ezagunean ariko da eta asteazkenean Fleche Wallone ezagunean. Iparraldean aritu da ere Imanol Erbiti (Caisse d´Epargne), baina alergiek arazo ugari eragin dizkiote. Ezin izan zituen Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix despeditu, baina asteartean Paris-Camembert proba bukatu zuen. 42.a izan zen, ia 10 minutuetara. Bestalde, aipatzekoa da gure txirrindulariek lan ona egin zutela Euskal Herriko Itzulian. Euskalteleko Beñat Intxausti hirugarrena izan zen, eta horretarako lan handia egin zuten taldekideek, tartean Egoi Martinezek. 44.a izan zen, 20:33ra. Jose Luis Arrieta (Ag2r) 107.a izan zen, 57:40ra. Eta igandean jokatutako Amorebietako Klasikoan garaipena lortu zuen Samu Sanchezek (Euskaltel). Egoi Martinez 9.a izan zen, 5 segundora, Xabier Zabalo 57.a, 2:18ra eta Jorge Azanza 84.a, 4:50era. Mendiko saria jaso zuen altsasuarrak. Asteburuko lasterketakAfizionatuek bi lasterketa izanen dituzte asteburuan. Larunbatean, 19 eta 20 urteko afizionatuek 23 urtez azpikoak III. Jose Ziordia memoriala dute jokoan Lizarran. 16:00etan abiatuko da 120 km-ko lasterketa eta Puyn despedituko da. Eta igandean, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak Euskaldun Trofeorako baliagarria den XLII. Eusebio Belez Trofeoan ariko dira, Duranan. Goizeko 9:30ean abiatuta, 122 km izanen dituzte aurrez aurre.Kadete mailakoak larunbatean XX. Beola Motor Trofeoa dute jokoan Burlatan, 17:00etan abiatuko den 51 km-ko proba. Eta juniorrak igandean ariko dira Lizarran, goizeko 11:00etan, Puyn despedituko den 85 km-ko II. Trofeo Electricidad Pipeon proban. Azkenik, txirrindulari masterrak Oliten ariko dira igande goizean, 10:00etan, 110 km-ko lasterketan.