Sakana Triatloi taldea bikain

Guaixe 2010eko apirilaren 16a

Sakana Triatloi Taldeko 11 kidek larunbatean Segovian jokatutako Taldekako Espainiako Duatloi Txapelketan hartu zuten parte, erlojuaren kontrako proban. Zehazki esanda bi probatan aritu ziren, proba irekian eta elite mailako proban. Giro onean eta gustura aritu ziren sakandarrak. Froga irekian Juan Carlos Gomezek, Mikel Lakuntzak, Juan Luis Maizak, Aitor Mozok, Isidro Asurabarrenak eta Mikel Berdudek ordezkatu zuten Sakana. Espainiako 68 klub lehiatu ziren eta 5 km korrikan, 20 km bizikletan eta 2,5 km korrikan egin behar izan zituzten. Club Triatlon de Segovia izan zen irabazlea (59:49), eta Sakana Triatloi Taldea zortzigarren sailkatu zen (1:04:09), primerako lana eginez. Eta elite mailan Francisco Javier Gomez, Jokin Lazkoz, Esteban Berdud, Urko Berdud eta Javier Borrega aritu ziren. Felix Benjumea aritzekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen. Proba honek aurreko distantzia bera zuen eta 68 talde aritu ziren baita ere, eta atzera ere Club Triatlon de Segoviakoak izan ziren garaileak (55:18). Sakana Triatloi Taldekoak 19.ak sailkatu ziren (59:44). Sailkapena oso estua izan zen, bi segundotan 3 talde sartu baitziren, baina sakandarrek egindako lana txalogarria izan zen. Taldeka aritzean, laugarren partaidearen denbora da kontuan hartzen dena. Hortaz, denek lan egin behar dute laugarrenak ahalik eta denbora onena egin dezan. Korrika egiten denak nahiko orekatuta joan behar dira, eta txirrindulan onenak direnak aurrean joan behar dira, ahalik eta errelebo gehien hartzeko eta atzekoak freskoago joateko. Arrigorriaga eta Azkoitiako probak jokoanAste Santuko atsedenaren ondoren bete-betean dator duatloi denboraldia. Larunbatean, apirilaren 17an, Arrigorriagako Duatloia dago jokoan, Euskadiko distantzia luzeko txapelketa izango dena. 15:00etan abiatuta, duatletek 12 km korrikan, 75 km txirrindulan eta 12 km korrikan osatu beharko dituzte. Eta igandean, aldiz, distantzia laburreko proba hartuko du Azkoitiak, 11:30etik hasita. Duatletek 8 km korrikan, 36 km bizikletan eta 4 km korrikan egin beharko dituzte.