Ditugun zerbitzuei buruzko azalpenak familia etorkinei

Guaixe 2010eko apirilaren 16a

Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuak Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin batera, familia etorkinei zuzenduriko ikastaroa antolatu dute. Helburua, etorri berri diren familiei bertako zerbitzuak aurkeztea da. Horrekin batera, dituzten galdera, kezka, proposamen eta bestelakoei erantzuna eman nahi zaie. Ikastaroan, besteak beste, Immigrazio Zerbitzuaren aurkezpena eginen da. Horretaz gain, gizarte zerbitzuak zer diren, nola funtzionatzen duten eta beste azalduko da. Horrekin batera seme-alaben zaintza, sexualitatea, eskolaratzearen garrantzia, hezkuntza sistemaren funtzionamendua, emakumeendako zerbitzuak eta elikadura eta osasuna gaiak landuko dituzte. Herenegun hasi zen ikastaroan hamar pertsonak eman dute izena. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara, Irurtzungo Kultur Etxean bilduko dira. Ikastaroa familia etorkinei zuzenduta badago ere, bertako norbaitek interesa balu parte hartzeko aukera izanen luke. Izena emateko648 070 710 telefonora hots egin. Dohainik da.