LABURBIRA

Guaixe 2010eko apirilaren 16a

Udaberriarekin batera, Topagunea  eta euskara taldeen eskutik,  badator Euskarazko Film Laburren zirkuituaren 7. edizioa, gainera hemendik aurrera ekimenari izena aldatu egingo diote eta Laburbira deituko da.Euskal Herrian azken bi urtetan (gutxi gorabehera) euskaraz ekoizten diren film laburren aukeraketa da Laburbira. Berez zaila egiten da formatu honetako obrak bilatzea eta gutxiago Euskara soilez eginak badaude, beraz, oso aukera ona da pil-pilean dauden azken obren berri jakiteko.Bederatzi obra ditu aurtengo aukeraketak, eta bertan azken urteetan ezagutu izan ditugun zuzendarien obra berrienak daude, Telmo Esnal edo Koldo Almandoz esate baterako, "Amona Putz" eta "Ahate Pasa". Haiekin batera hain ezagunak ez diren zuzendari berrien obrak ere ikusgai izango dira, eta ordu bateko proiekzioa izango da guztira. Informazio gehiago www.topagunea.org web gunean, Laburbira atalean.Aurten krisia dela eta (hala komentatzen dute antolatzaileek) emanaldi gutxiago egonen dira. Lehengo urtean 48 herri izan ziren; aurten, berriz, 28 herritara helduko da. Hala ere, oso pozik daude ekimen honek izaten duen harreragatik. Gainera proiekzio askotan, obraren bateko zuzendariarekin solasteko aukera egonen da eta egia esan zaila izaten da aukera hori edukitzea.Pertsonalki, ni ere oso pozik nago ekimen honekin, urtero eta Euskal Herrrian egindako material berria herrira heltzen da. Gainera aurten bi arrazoi ditut pozteko, alde batetik berriro datorrelako eta bestetik, guk egindako obra bat ere aukeratua izan delako aurtengo Laburbiran, Odisea Etxaldean. 2009an estreinatu genuen  4 minutuko pieza txiki bat da, 3D animaziozkoa. Irurtzunen, Kultur Etxean, apirilaren 30ean 20:00etan egingo dugu proiekzioa eta tokatzen den bezala zuzendaria bertan egonen da, kar, kar.Urko Mauduit