Atzo jokatu zen Amstel Gold Race klasikoa, jarrian jokatuko diren Herbeheretako Ardenetako hiru klasiko famatuetako lehenengoa, Maaastricht-en hasi eta Valkenburgen despeditu zena, 257,3 km eta 31 murru edo gain gogor gainditu eta gero. Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragin zuzena izan zuen proban, hegaldiak bertan behera geratu eta gero txirrindulari askok ezin baitzuten irteera puntuan egon, Alejandro Valverde, Luis Leon Sanchez, Carlos Sastre, Fabian Cancellara eta beste tartean. Euskaltel taldeko espedizioa ibilgailuz joan zen bertaraino, 1350 km osatuz. Egoera horrek mesede egin zien holandarrei. Lasterketari dagokionez, seikote batek ihes egin zuen eta 6 minutuko abantaila lortu zuen, baina Oscar Freireren Rabobank taldeak eta Lamprek tropela martxan jarri zuten eta helmugarako 30 km-ren faltan ihes egindakoak irentsi zituzten. Hortik aurrera faboritoak lanean ikusteko aukera izan zen. Marcatok Kuisberg igoeran eraso egin zuen eta Frank Schleck bere bila joan zen azkar asko. Txirrindularien erasoak hasi ziren eta Cunego, Schleck, Gilbert eta Kolobnev geratu ziren aurrean helmugarako 15 km-ren faltan. Ez zuten elkar ulertu, eta azkeneko murru edo gain gogorrean, Caubergen - %12ko malda gogorrarekin - Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto) erasoa jo zuen eta bakarrik heldu zen helmugara. Bi segundora Hesjedal (Garmin-Transitions) eta Gasparotto (Astana) sartu ziren. Egoi Martinez etxarriarra (Euskaltel) 30.a izan zen, 2:25era, eta Imanol Erbiti (Caisse) 81.a, 10:31ra. Asteazkenean hurrengo klasikoa izanen da jokoan, Fleche Wallone ezaguna. Egoi Martinez eta Imanol Erbiti aritzekoak dira.