Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txirrindularitza profesionalak ez du atsedenik hartzen. Egoi Martinezek (Euskaltel) eta Imanol Erbitik (Caisse) galtzadarrien eta murruen klasikoetan murgilduta jarraitzen dute. Igandean Ardenetako hirugarren klasikoa dute jokoan, Lieje-Bastogne-Lieje ezaguna, eta Igor Anton eta Alejandro Valverde liderrei laguntzea izanen da euren lana. Aurreko igandean, Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto) irabazitako Amstel Gold Race klasikoan, Egoi Martinez 30.a izan zen, 2:25era, eta Imanol Erbiti 81.a, 10:31ra. Ezker hankako Akilesen tendoian zituen arazoak gaindituta, asteartean, hilaren 27an hasi eta maiatzaren 2an despedituko den Romandiako Itzulian arituko da Gorka Verdugo etxarriarra (Euskaltel), Igor Anton taldeburua laguntzen. Horretaz gain, asteartean Narancoko igoera egonen da jokoan, eta asteazkenean hasi eta hurrengo igandean despedituko da Asturiaseko Itzulia. Bertan Jorge Azanza eta Pablo Urtasun ariko dira lanean Beñat Intxaustirendako. Bestalde, aipatzekoa da Urtasunek eta Azanzak lan ederra egin zutela Alberto Contadorrek irabazitako Gaztela Leongo Biran. Igor Anton taldekidea bigarren sailkatzeko lan handia egin zuten biek eta esprintetan despeditutako etapetan aurrean egon zen urdiaindarra. 65.a izan zen Urtasun, 26:48ra, 55.a Azanza, 33:47ra, eta 94.a Orbeako Xabier Zabalo olaztiarra, 37:07ra. Lasterketak Altsasun eta IrurtzunenAsteburu honetan bi txirrindularitza proba izango dira gurean. Masterrak IX. Irurtzungo Udala Trofeoa izanen dute jokoan larunbatean, 16:00etan aterata. 100 km izango dituzte aurrez aurre, eta proba Nafarroako master egutegirako baliagarria izango da. Eta Burunda Txirrindularitza Klubak antolatuta junior mailako XL. Udaberri Saria jokatuko da Altsasun larunbatean, 16:30ean. Altsasuko Zumalakarregi plazatik aterako dira txirrindulariak, eta 78 km osatuko dituzte, besteak beste Altamira hiru aldiz pasatuz. Helmuga Altsasuko udaletxearen aurrean egonen da. Bestalde, txirrindulari juniorrek eta kadeteek zita inportantea dute igandean Bodegas Otazun. Lacturale Sari Nagusia dute jokoan, Bodegas Otazun hasi eta Undianon despedituko den erlojupekoa. Kadeteen erlojupekoa goizeko 10:00etan abiatuko da (9 km), eta juniorrena 12:00etan (15,7 km). Bukatzeko, 23 urtez azpiko eta elite mailako afizionatuek Euskaldun Torneorako baliagarria den lasterketa dute igandean Lazkaon, 132,5 km-koa, goizeko 10:15ean abiatuko dena. Ildo honetan, aipatzekoa da igandean Euskaldun Torneorako baliagarria zen Duranako lasterketa Paul Kneepersek irabazi zuela (Telcom) eta bigarrena Rural Kutxako Florentino Marquez sailkatu zela. Rural Kutxa izan zen talde onena.