Aralarko larreen aprobetxamendua eta kudeaketa plana onartuta

Guaixe 2010eko apirilaren 26a

Jendaurrean egon eta gero, behin betiko onartu da Aralarko Elkarteak izen bereko mendiko larreen aprobetxamendua eta kudeaketa plana arautzen dituen ordenantza. Horrekin batera Aralarko Elkarteak mendiko txabola, etxola edo babeslekuen kontzesioa arautzen duen ordenantza ere onartu du. Gaur egun Aralarko Elkarteak aziendarako larreen eta basoen ustiapena kudeatzen du. Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmenen bidez dago bideratuta gaia. Hitzarmena heldu den urteko apirilean despeditzen da. Elkarteko buru eta Lakuntzako alkate Jose Ramon Garin Lizarragak esan digu: "elkartearen nahia da erabilera publikoaren kudeaketa ere gure esku gelditzea. Baina Nafarroako Gobernuak dio bere eskumena dela". Garinek argitu digunez, "elkartearen ustez larreen, basoen kudeaketari lotuta dago erabilera publikoa. Orain arte ez zegoen baina elkarteak hitzarmenean sartzea beharrezko ikusten du". Garinek azaldu digu Aralar mendiko erabilera publikoak turismoa, informazioa, seinaleztapena, ingurumen hezkuntza, lurralde interpretazioa eta beste hartuko lituzkeela. Kide diren herrien iritzia jaso eta Nafarroako Gobernuari proposamena egitekotan da Aralarko Elkartea. AtzeraAralar mendiko erabilera publikoa lantzeko asmoz Elkarteak diru-laguntza eskaera egin zion Cederna-Garalurri. Aralar mendirako egitasmo turistiko baten bideragarritasun plana eta aurre-ikerketa egiteko zen. Cederna-Garalurrek 23.200 euroko aurrekontuaren 14.000 estaltzeko prest azaldu zen. Baina Nafarroako Gobernuak jakin zuenean laguntza ez emateko eskatu zuen. Horretarako argudiatu zuen turismo eskuduntzak eta egitasmoan aipatzen zen Guardetxearen eraikinak bereak zirela. Aralarko ElkarteaNafarroa aldeko Aralar inguruko 19 herrik osatzen dute: mendiaz bestaldeko Arribe, Atallu, Azkarate, Betelu, Errazkin, Gaintza, Intza eta Uztegi; eta Sakanako Unanu, Dorrao, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Irañeta, Ihabar eta Hiriberri daude barruan. Elkartea noiz sortu zen zehatz-mehatz ez dakigu. XII. eta XIII. mendeetan izan zela pentsatzen da. Aralarko elkarteak hasiera-hasieratik larreen erabilera, egur, zur, zuhaitz eta Aralarko gainontzeko aprobetxamenduak elkarteko herritarren artean arautu eta administratzeko lana izan du. 19 herri horietako bizilagunek aipatutako aprobetxamenduen gainean eskubideak dituzte. Aralarko elkartearen lehendakaritza Lakuntzako udalaren esku dago. Aralar Elkartearen eguna San Juan egunaren aurreko igandean ospatzen da.