Vinokourov Liejan berpiztu zen

Guaixe 2010eko apirilaren 26a

Astana taldeko Alexandre Vinokourovek irabazi zuen Ardenetako klasiketako hirugarrena, Lieja-Bastogne-Lieja klasiko ezaguna (258 km eta 10 gain). Vinokourovek garaipen hori lortzeko izugarrizko lana egin zuen bere taldekide Alberto Contadorrek. "Oso pozik nago Vinokourovek irabazi duelako, nik irabaziko banu bezala sentitzen naiz" zioen Pintokoak. Eta euren taldekideen lana gogoz eskertu zuen garaileak. "Talde guztiak egindako lanaren ondorioa da hau". Sei segundora sartu zen Katushako Alexandre Kolobnev, eta minutu eta lau segundora Alejandro Valverde. Euskalteleko Igor Anton zazpigarrena sailkatu zen, 1:07ra, eta horretarako bere taldekideek egindako lana txalogarria izan zen. Lan asko egin zutenetako bat Euskalteleko Egoi Martinez izan zen. Etxarriarra 41.a izan zen helmugan, 2:59ra eta Caisseko Imanol Erbiti 130.a, 16:04ra. Erbiti Valverderen langile finetako bat izan zen. Vicioso azkarrena Laudion. Larunbatean Laudioko Sari Nagusia jokatu zen. Helmugarako 50 kilometroren faltan ihesaldia burutu zuen taldeko gizon azkarrenen artean erabaki zen etapa, eta esprintean Angel Vicioso nagusitu zen (4:07:53), Marcos Garcia (Xacobeo), Jerome Coppel (Saur) eta Fabricio Ferrari (Rural Kutxa) txirrindularien aldetik. Ildo honetan, esan beharra dago Rural Kutxa talde kontinentala primeran aritu zela eta orain arteko lasterketa borobilena egin zuela. Taldeka bigarrena sailkatu zen, Saur Sojasun taldearen atzetik. Lehen hamar postutan Rural kutxako hiru txirrindulari sailkatu ziren: Ferrari, Egoitz Garcia - tarteko helmugak irabazi zituen - eta Michael Kwiatkowski. Euskalteleko Gorka Verdugo eguneko bi ihesaldietan aritu zen, eta talde bereko Jorge Azanzak ere lan polita egin zuen. Azanza 82.a izan zen, 9:15era, eta Gorka Verdugo 84.a, denbora berean.