Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur abiatuko da Arabako Hiru Egunak lasterketa. Challenge formatuan jokatuko da proba, eta 23 urtez azpiko txirrindulariak ariko dira lanean. Antolatzaileen eta hainbat txirrindulari talderen artean desadostasunak sortu dira eta 8 talde ez dira egongo, tartean Cafes Baqué, Seguros Bilbao, Lizarte, Bidelan-Kirolgi, Azysa, Ibaigane Opel, Koplad-Uni2 eta Trasmiera. Lasterketarako pena handia da puntako talde horiek ez aritzea. Guztira 13 talde ariko dira, eta Naturgas eta Rural Kutxa izango dira eskuadra faboritoenak. Talde sakandarrak Jesus Herrada, Airán Fernandez, Antton Ibarguren, Yelko Gomez, Jon Oria, Jordi Simon, Ruben Cuesta eta Ruben Alvarez txirrindulariak hautatu ditu Arabakoan egoteko. Horretaz gain, Andalucia, Cueva El Soplao, Sanse-Spiuk eta Extremadura aurrean egoteko beste hautagaiak, eta Camargo, Belca, Debabarrena, Zarauztarra, Telco, Julymar eta Leongo Diputazioa dira lanean ariko diren besteak. Gaur Artziniegan hasi eta bukatuko den 118,8 km-ko etapa dute jokoan, eta helmugarako 25 km-ren faltan Malkuartu igo beharko dute. Biharko etapa Ozaetan despedituko da eta asteazkenekoa Gasteizen. Fabregas seigarrena Lazkaon. Atzo Lazkaoko helmugan Lizarteko Martin Iraizoz izan zen lehena, Sebastian Tamayori (Baqué) eta Pal Kneppersi (Telco) 30 segundo aterata. Rural Kutxako Aleix Fabregas seigarrena izan zen, 45 segundora, eta Victor de la Parte zortzigarrena, denbora berean.