Euskal Herriko ikastoletan hauteskunde eguna izan zuten joan zen osteguna. Ohiko hauteskundeetan ez bezala, JUUL kanpainan txikienek, ikasleek zuten hitza eta erabakia. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleek gustukoen zituzten liburuak hautatu behar zituzten. Txikienek eskuz eta helduek Internet bidez eman zuten botoa. Azken urteetan euskaraz argitaratutako liburuak izan zituzten hautagai. Hauteskundeak irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko jardueren artean kokatzen dira. Egitasmoaren 12. edizioa da eta dagoeneko sari preziatua bilakatu da haur eta gazte literaturaren idazleendako eta ilustratzaileendako, liburuen hartzaileek ematen baitute saria.Bozketa Nafarroako, Iparraldeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikastoletan egin zen. 21.000 boto inguru jaso ziren Euskal Herri osoan, 15.000 inguru idazleen kategorietan eta 6.000 bat ilustratzaileen kategorian. Horien artean zeuden Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako ikasleak. Zehazki 962 boto jaso ziren Sakanako ikastoletan. HautatuakHonako liburuak lehenetsi zituzten sakandarrek:A (Haur Hezkuntza): Neu naiz ederrena (Mario Ramos), Lau anaiak (Joxantonio Ormazabal) eta Hiru txerrikumeak (Klasikoak). 202 boto jaso ziren Sakanan.B (LHko 1. eta 2. maila): Olagarro bat bainuontzian (Leire Bilbao), Han Gan-en zaldi magikoa (Jiang Hong Chen), Adio Jonas (Juan Kruz Igerabide), Kika supersorgina eta araoen liburua (Knister). 111 boto jaso ziren Sakanako ikastoletan.C (LHko 3. eta 4. maila): Txita more txikia (Marimar Agirre), Kikik koko nahi du (Txiliku), Safariko animaliak (Paul Beck), Pello Telleriaren amets eroak (Mitxel Murua), Nire kuleroak (Anjel Lertxundi). 67 boto jaso ziren Sakanan.D (LHko 5. eta 6. maila): Nur eta herensugearen tenplua (Toti Martinez de Lezea), Antonio Bolas (Joxantonio Ormazabal), Nur eta irlandar gnomoa (Toti Martinez de Lezea), Mirari galduaren bila (Geronimo Stilton), Nur eta oihan misteriotsua (Toti Martinez de Lezea). 144 boto jaso ziren Sakanako ikastoletan.E (DBH): Ortzadarra sutan (Fernando Morillo), Galtzerdi suizida (Mariasun Landa), Amodioaren gazi-gozoak (Aitor Arana). 151 boto jaso ziren Sakanan.I (Ilustratzailea): Juan Luis Landa, Jesus Lucas, Jokin Mitxelena, Mikel Valverde, Birgit Beger. 287 boto jaso ziren Sakanako Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletan.Toti Martinez de LezeaArabako idazlearen liburuek jaso dute boto gehien, bai Sakanan bai Euskal Herrian. Nur pertsonaiaren abenturek arrakasta handia lortu du irakurle gazteen artean. Iaz ere bera izan zuten maiteena.