Gora maiatza!

Guaixe 2010eko apirilaren 30a

Etxarri AranatzUrtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen duen hitzordua bihurtu da maiatza. Gehienak oinez igotzen badira ere, badira Mendi-zelaira autoz doazenak ere. Guztiak ere, gosaldu ondoren lanari ekinen diote, edo jakin-minez begiratzeari. Aldameneko pagadian zuhaitz egokia aukeratu eta moztu ondoren, bizkar gainean mendi ertzera hurbilduko da. Ordurako sokak, hagak eta beharrezko guztia prest izanen da eta hainbat kolpetan pago moztu berriak berriro ere bertikal jarriko dute etxarriarrek, oraingoan herritik ikusteko moduan, Meize gainen. Lanak ordu baterako despedituak izanen dira. BakaikuOhiturari jarraituz, bakaikuarrak izanen dira maiatza jartzeko lanari goizen ekinen dietenak. Goiz hartuko dute bargako bidea, zortziak aldera jarriko dira bidean hainbat eta hainbat. Eta goiz hasiko dira maiatza Hartzabalen jartzeko lanean. Beharrezko tresneri guztia mendira igota, maiatza egokia aukeratu eta bakaikuarrek soka kabestrante eta hagez lagunduta barga gainean maiatza zutituko dute. Eguraldiak uzten badu, eguerdirako haien lana Bakaikutik ikusgai izanen da. IturmendiArrano Beltza plaza beste behin ere iturmendiar eta ikusmina duten makina bat sakandarren bilgune bihurtuko da bihar, 18:00etan. Haiek biltzen direnerako pago enbor eder askoa izanen da plazan luze-luze etzanda. Baita zurituta ere. Maiatza jasotzera makina bat iturmendiar bilduko dira. propio prestatutako tresnen, eskaileren eta soken bidez, ahalegina egin eta hainbat kolpetan maiatza pixkanaka Iturmendiko etxeen gainetik nola gelditzen ikusiko du ikusleak. Iturmendiarren ahaleginek bere fruitua izanen dute eta Arrano Beltza plazan maiatz guztirako auzokide berria izanen dute. Lana despeditu ondoren auzatea izanen da.Ziordian Bi urteko etenaren ondoren, aurten maiatza jaso nahi dute Ziordian, etzi. Hori dela eta, Ziordia Bizirik plataformak domeka guztirako egitaraua prestatu du. Goizeko hamaiketan dago jarrita lehen hitzordua, herri sarreran. Maiatzari buruzko murala eginen da. Maider Perkaz artista ziordiarraren irudi bati jarraituz egin ere. Herri sarrerako pareta hartara hurbiltzen diren ziordiar guztiek muralaren margotzean parte hartzeko aukera izanen dute. Hura despeditu eta gero, 13:00etan, herrian barna kalejiran ibiliko dira. Ibilbidearen bukaeran, 14:30ean, herri bazkaria izanen da. Mahaiaren inguruan luze egon ondoren, 18:00etan plazan bilduko dira ziordiarrak eta maiatza jasotzeari ekinen diote. Lanak despeditu ondoren, bildutako guztiendako merienda izanen da. Ziordia Bizirik plataformatik dei egin dute antolatutako ekitaldietan parte hartzera, "eta baserritarrez jantzita bada hobe".