Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur abiatuko da eta igandean despedituko Romandiako Tourra. Philippe Gilbert, Alejandro Valverde, Ivan Basso, Denis Menchov eta Igor Anton dira tourra irabazteko faborito nagusiak. Anton laguntzeko Gorka Verdugo etxarriarra ariko da lanean. Gaur atariko etapa dute jokoan, 4,3 km-koa, Porrentruyn. Hurrengo egunetan esprinterrendako aproposak diren etapen txanda helduko da eta etapa erabakigarrienak bi dira: ostiraleko Moudoneko 23,4 km-ko erlojupekoa eta azken etapa, Sionen, lehen mailako hiru mendirekin. Hor erabakiko da dena. Arrieta lesionatutaJose Luis Arrieta (Ag2r) Romandian aritzekoa zen, baina Trentinoko Giroko ostiraleko etapan ezker ukalondoa apurtu zuen uhartearrak. Errotonda batean gertatu zen ezbeharra, errotondan erorita zegoen txirrindulari batekin topo egin eta erorikoa izan eta gero. Hori dela eta ezingo da Romandian aritu. Aurtengo denboraldian lesioekin arazoak ditu uhartearrak. Paris-Niza baino lehen ezker hankako soleoan urradura izan zuen, eta orain ukalondoan. Lesioa osatu bitartean geldirik egon beharko da. Zabalo, Urtasun eta Azanza Narancoko igoeranAsturiaseko Itzulia hasteko bezperatan, gaur jokatuko da Narancoko igoera. Euskalteleko Romain Sicardek iazko garaipena errepikatu nahiko du, eta berarekin batera Angel Vicioso, Beñat Intxausti eta Ezequiel Mosquera dira faborito nagusiak. Hiru sakandar ariko dira: Xabier Zabalo olaztiarra (Orbea), Pablo Urtasun urdiaindarra (Euskaltel) eta Jorge Azanza altsasuarra (Euskaltel). Afizionatuak. Herrada hirugarrena ArtzinieganAtzo abiatu zen 23 urtez azpiko afizionatuen Arabako Hiru Egunak challengea, Artziniegan hasi eta despeditu zen 119 km-ko etaparekin. Aurreikusi moduan bi talde faboritoak, Rural Kutxa talde sakandarra eta Naturgas, izan ziren lan gehien egin eta lehiatu zirenak, baina estrategiak ez zuen guztiz funtzionatu, Eloy Ruiz (Andalucia-Cajasur) bakarrik iritsi baitzen helmugara (2:53:05), Naturgaseko Carlos Barberori eta Rural Kutxako Jesus Herradari 2 segundo atereaz. Rural Kutxako Antton Ibarguren laugarrena izan zen, 4 segundora. Etapako beste protagonista Andalucia-Cajasurreko Del Pino izan zen. 77. kilometroan egin zuen ihes eta helmugarako kilometro eskas baten faltan harrapatu zuen tropelak, Naturgasek eta Rural Kutxak mugituta. Bere taldekideak irabazi izanak bere amorrua arindu zuen.Gaur bigarren etapa dago jokoan.