Denboraldia kitto nota bikainarekin

Guaixe 2010eko apirilaren 27a

Aurreko astean erregional mailako liga despeditu zen eta asteburu honetan preferente mailaren txanda izan da. Maila federatuan aritu diren bi talde sakandarren maila bikaina izan da: Etxarri eta Lakuntzako Lagun Artea liderrak izan dira euren mailetan eta mailaz igotzea lortu dute. Preferenten ibili den Lagun Artea hirugarren mailan ariko da, eta erregionalean ibili den Etxarri maila preferentean. Inork gutxik imajinatu zezakeen zerbait perfektuagorik - Sakanako bi talde aritu, biak liderrak izan eta mailaz igotzea - baina ametsa gauzatu da. Pena izan zen liga hasi eta berehala Altsasu taldea erregional mailatik erretiratzea, baina hurrengo denboraldiari begira ea taldea berregin eta atzera ere lanean ikusteko aukera dugun. Larunbatean, ligako azken partidan, Leitzako Aurrera hartu zuen Lagun Arteak Lakuntzako Zelai Berrin. Aurrerakoek pasilloa egin zieten txapeldun lakuntzarrei eta paregabeko eguraldiarekin hasi zen lehia. Egia esan, partida nahiko aspergarria izan zen, bi taldeek ez zuten ezer jokoan eta hori nabaritu egin zen. Unaik Aurrera taldea aurreratu zuen 20. minutuan, Lagunen atean sortu zen nahasmena aprobetxatuz, baina Lagun Arteako Palomok berdintzea lortu zuen 39. minutuan. Hortik aurrera markagailua ez zen gehiago mugitu. Partida bukatzerakoan ligako txapeldunaren kopa jaso zuen Lagun Arteako kapitainak Nafarroako Futbol Federazioko ordezkariaren eskutik. Lakuntzarrek bikain ospatu zuten garaipena, afaltzera bilduta. 61 punturekin lider izan dira, Zizurko Ardoiri 4 puntu aterata. Bestalde, Etxarri Erregional mailako hirugarren multzoko liderra izan da, 62 punturekin, Iruña taldeari 5 puntu aterata. Hemendik aurrera hurrengo denboraldia prestatzen buru belarri dabiltza Lagun Artea eta Etxarri. Bi presidenteek aurreratu zigutenez, printzipioz ez dira aldaketa asko aurreikusten eta egungo taldeak izango dira hurrengo denboraldiko oinarri nagusia. Zorionak bioi eta lidergoaz eta garaipenaz disfrutatzera!