Galarreta enpresak ateak itxi eta gero, haren hutsunea betetzeko Oriamendi enpresa berria jaio da eta atzo aurkeztu zuten, Uharte Iruñeko Euskal Jai Berrin. 32 erremontistarekin jaio da enpresa, puntakoak tartean. Maxi Sanper buru duen talde kudeatzaile berriak - tartean Kike Elizalde erremontista ohi altsasuarra dago, akzioduna izateaz gain intendente berria izango dena eta Gorriz erremontista ohi altsasuarra - oso argi dauka erremonteak etorkizuna izateko kirola modernizatu eta publiko berria erakartzea behar beharrezkoa dela, eta horretan dabiltza buru-belarri. Egitasmoa epe luzekoa dela nabarmendu zuten. Hernaniko Galarretan eraberritze lanak egingo dituztenez, uztaila bitartean Euskal Jai Berrin programatuko dituzte jaialdiak, ostegunetan eta larunbatetan. Izango diren beste berrikuntzen artean, sarreren prezioak egokitu dituzte - sarrerarekin batera kontsumizioa hartzeko aukera izango da - eta apustuzaleak berriz ere animatzeko artekariek kobratzen duten komisioa txikituko dute. Gainera apustu baxuagoak egiteko aukera izango da, baxuenak 10 eurokoak.